Bi pertsona erreskatatu dituzte Urbisun eta Urbian

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 31

Igande honetan, larrialdi zerbitzuek bi pertsona erreskatatu zituzten Arabako mendietan, Urbian eta Orbison, ezin zutelako bidean aurrera jarraitu. Ertzaintzaren helikoptero bat mobilizatu behar izan zuten.

Atzoko 14:30ak aldera, SOS Deiak larrialdietako zerbitzuetan mendizale baten deia jaso zuten, azalduz ondoezik zegoela eta bere kabuz ezin ziola bideari jarraitu. Pertsona hori Urbiako zelaietan zegoen, eta larrialdietako hainbat baliabide bertaratu ziren. Azkenean, Ertzaintzaren helikopteroak jaso eta Araiako futbol zelaira eraman zuen. Handik, anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Biktima zain zuen anbulantziara eramaten ari zirenean, berriz ere helikopteroaren laguntza eskatu zuten Arabako beste mendi batean beste erreskate bat egiteko. Kasu horretan, Urbisu eta Done Bikendi Arana arteko sakan batean, emakume batek bideari jarraitzeko zailtasunak zituen. Lurrez erreskatatzeko zeuden zailtasunak ikusita, helikopteroaren laguntza behar izan zuten, eta mendiko erreskatatzaile bat jaitsi zen biktima zegoen lekura. Handik atera ondoren, Kanpezuko suhiltzaileen heliportura eraman zuten. Bertan zain zuen anbulantziak eraman zuen biktima anbulatoriora, orkatila bihurrituta eta sorbaldan kolpe bat baitzituen.

Bi erreskateetan, Ertzaintzaren helikopteroko kideez gainera, Ertzaintzaren baliabideek, suhiltzaileek, osasun-zerbitzuek eta udaltzaingoak parte hartu zuten, Eusko Jaurlaritzako larrialdiak koordinatzeko teknikari batek koordinatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago