Mercedeseko furgonetak suntsitu zituen gizona indarkeria matxistagatik espetxeratu dute

Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 14:00
Gizonak Mercedeseko 69 furgoneta hondatu zituen Gabonetan. / ALEA

Gabonetan Mercedesen 69 furgoneta suntsitu zituen gizona espetxeratu dute bere bikotekide ohiari mehatxu egiteagatik. Mercedesen gertatutakoaz gain, hainbat auzi ditu ebazteke.

Duela gutxi, Miranda Ebroko gizonezkoari sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, kaleko katu bat urkatzeagatik; gainera, horren harira, hainbat kausa ditu zabalik, animaliak babesteko elkarteko hainbat kide mehatxatzeagatik.

Oraingoan, bere bikotekide ohiaren aurkako genero indarkeria delitu batengatik espetxeratu dute azken egunetan, Diario de Burgos hedabideak argitaratu duenez. Bortizkeriaz eta labana handi batekin sartu zen biktimaren etxera, hainbat hilabetetan zehar jazarri ondoren.

Behin-behineko espetxeratzea

38 urteko erasotzaileak agenteak etxera iritsi aurretik ihes egin zuen. 37 urteko emakumea, ordea, osasun zentro batera eraman behar izan zuten, antsietate eraso bat jasaten ari zelako. Ondoren, salaketa jarri zuen, azalduz tratu txar fisiko eta psikologikoak jasan zituela bikotea izan ziren denbora osoan; harremana eten ondoren, gainera, atxilotuak emakumea eta bere ingurukoa jazartzen jarraitu zuen, eta lagun baten autoaren gurpilak zulatzera iritsi zen.

Segurtasun indarren arabera, neska "muturreko arrisku-mailan" zegoen, eta, beraz, hura babesteko dispositibo berezi bat ezarri zuten. Horrekin batera, erasotzailearen bilaketa areagotu zuten, atxilotu arte. Hala ere, epaileak aske utzi zuen, biktimarengandik urruntzeko aginduarekin.  

Handik hiru egunera, maiatzaren 21eko goizaldean, Miranda Ebroko udaltzainek maniobra arraroak egiten ari zen auto bat geldiarazi egin zuten; gidaria mozkortuta egotearen sintoma argiak zituen. Orduan, gidaria gizonezkoa bera zen, eta, Diario de Burgos hedabidearen arabera, bikotekide ohia hiltzeko asmoa agertu zien agenteei, jarrera oldarkorrarekin. Gainera, ibilgailua miatzean, hiru arma zuri aurkitu zituzten.

Espainiako Polizia biktimaren etxera bertaratu zen, bere osasun egoera egiaztatzera. Neska oso aztoratuta zegoen, ordu batzuk lehenago erasotzaileak berriz ere atea bortxatu baitzuen etxean sartzeko; halere, une horretan emakumea ez zegoen etxean. Horregatik, Poliziak gizona atxilotu zuen, mehatxu delitu bat eta urruntze-agindua urratzea egotzita. Kasu honetan, epaileak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen.

Mercedeseko hondeamakina

Iragan Gabonetan, oihartzun handia izan zuen gizonezko honen beste ekintza batek. Izan ere, Gasteizko Mercedes lantegiko 69 furgoneta hondeamakina batekin suntsitu eta 5 milioi euro inguruko kalteak eragin zituen pertsona bera da. Enpresatik kaleratu zutelako mendeku gisa egin zuen. Auzi hori instrukzio fasean dago oraindik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide