Federazio bat osatu dute zaintza publiko eta duinen aldeko EAEko elkarteek

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 14:00
Babestu Araba elkartearen elkarretaratzea. / @BabestuA

Adinekoen zaintza publiko eta duinaren alde lanean ari diren lau elkartek EAEko hiru lurraldeetako federazio bat sortu dute.

Babestu Araba, Babestu Bizkaia, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintza. EAEko hiru lurralde historikoetako lau elkarte horiek indarrak batu eta federazio bat eratzea erabaki dute, zaintza publiko eta duinaren alde urratsak ematen jarraitzeko. Izan ere, "zaintza ereduak ez duela balio eta aldatu egin behar dela" aldarrikatu dute federazioaren aurkezpenean.

Elkarte hauek urteak daramatzate sektorean aldaketak eskatzen, eta, besteak beste, zainketen "kalitate txarra" eta pribatizazioa salatzen dituztenak "gero eta gehiago" direla uste dute. Are gehiago pandemiak egoitzetako eta zaintzaren arloko gabeziak agerian utzi zituenetik.

Bilera eskaera

Federazio berriak iragarri duen lehen urratsetako bat Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari bilera bat eskatzea izan da. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritza sortzen ari den foroetan parte hartzeko eskaria egin diote. Izan ere, prentsaren bidez baino ez dute organo eta batzorde horien berri, eta horietan senideen elkarteez "ahaztu" egiten direla salatu dute behin eta berriz.

"Hori bai, ez dira enpresa handiez ahaztu; irabaziak lortzen ari diren horietaz eta kalitatezko zerbitzurik ematen ari ez diren horietaz. Zergatik ez duzue nahi gu foro horietako kide izatea? Datu asko dauzkagulako zuen lana gaizki egin duzuela frogatzen dutenak?", adierazi dute.

Arabako egoitzen egoera

Bestalde, hiru lurraldetako gizarte politiken arduradunen aurkako kritikak plazaratu dituzte, eta Arabako Gizarte Politiketako diputatu Emilio Solaren kasuan, leporatu diote "egoitzetako kudeaketa ona, egoitzen kontrola, egin diren ikuskapen ugariak eta dena perfektua zegoela" nabarmendu izana, prentsak "irregulartasun larriak" argitaratu dituen arren.

"Badira hilabete batzuk hiru aldundiek kanpaina bat hasi zutela, oso ondo diseinatua eta eskura dituzten baliabide guztiekin, adieraziz egungo zaintza eredua aldatuko dutela eta egoitzetan, bisitei eta irteerei dagokienez, normaltasunera itzultzen ari direla", kritikatu dute federazioa osatu berri duten elkarteek.

Elkarteek, ordea, hainbat inkesta egin dituzte Arabako egoitzen ia %70ean, Gipuzkoakoen %55ean eta Bizkaikoen %65ean. Horietako, datu "oso argigarriak" atera dituzte, lurraldeka. Arabaren kasuan, honako hauek dira elkarteek plazaratutako ondorioetako batzuk:

  • Egoitzen %40an ez dago irteerarik egunero.
  • %98an irteerek iraupen bat dute (ordu bat eta bi ordu bitartean), eta bisitek, berriz, beste bat (15 minutu eta bi ordu bitartekoa).
  • Irteera eta bisiten ordutegia antolatzeko moduak, ehuneko handi batean lana eta familia bateratzea eragozten du.
  • Egoitzen %90ean ez dago erabiltzailearen osasunari buruzko informaziorik.
  • Egoitzen %40an ez da inolako jarduerarik egiten erabiltzaileekin. Egoitzen %30ean senideek ez dakite jarduerarik egiten den ere.
  • Senideen batzarrerako deialdia egoitza bakar batean egin da. Hau da, %99an ez da deialdirik egiten.
  • Senideekiko komunikazioa "hutsaren hurrengoa" da. Egoitzen %80an ia ez dago komunikaziorik, eta dagoen apurra WhatsApp edota email bidez egiten da. Kasu gehienetan, protokoloak eta arauak aldatzeari buruzko komunikazioak dira.
  • Egoitza pribatuen %99an, zaintzaileak, erabiltzaileak zaintzeaz arduratu beharko liratekeenak, instalazioak garbitzeaz, arropa garbitzeaz, arropa banatzeaz eta menuak zerbitzatzeaz ere arduratzen dira.
  • Langileen mugikortasuna nabarmena da. "Kezkagarria" da egoitza pribatuen %95ean, eta "arraroa" da langile batek sei hilabete baino gehiago irautea.
  • Pandemiak eragin duen narriadura fisiko eta kognitiboa "izugarria" da kasu gehienetan.
  • Orain dela hilabetera arte, ahaidea espezialista baten mediku-kontsultara eramatea ukatu duten egoitzen kasuak izan dira: "Gutxi, baina oso larriak", ohartarazi dute elkarteek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide