Marcelo Mercadante, Jazz Uhinak zikloaren 15 urteak ospatzeko

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 17:52
Mattin Ttipia plazan eskainiko du kontzertua Marcelo Mercadantek. / M. Mercadante

Sarrera-txartelen salmentarekin lortutako dirua Itxaropena elkartearentzat izango da.

Jazz Uhinak zikloa kontzertu berezi batekin dator ekainaren 19an. Marcelo Mercadante, askoren iritziz Europako bandoneon-jolerik onena, Sexteto Porteño taldeak lagunduta igoko da oholtzara Martin Ttipia plazan.

"Emanaldiak amaiera ezin hobea emango dio Jazz Uhinak zikloaren 15. urteurrenari, azaroaren 24tik maiatzaren 18ra bitartean Jesus Guridi kontserbatorioan egindakoari", azaldu du Estibaliz Canto kultura zinegotziak ekitaldiaren aurkezpenean. Kontzertuak omenaldia egingo dio Astor Piazzola badoneon-joleari, jazzaren eta tangoaren arteko fusioaren historiako musikaririk garrantzitsuenetakoa izan baitzen, haren jaiotzaren 100 urte betetzen direnean.

Sarrera-txartelen salmentarekin lortutako dirua, Itxaropena elkartearentzat (ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen Arabako elkartea) izango da. Halaber, aurreko egunean (ekainaren 18an), kontzertua hasi aurretik, Jazz Uhinak-ek 2020-2021eko Ohorezko Makila emango dio Xabier Añuari, jazz-programak egiten aitzindari eta dibulgatzaile handia izateagatik.

Kontzertua 

Marcelo Mercantek Gasteizko kontzertuan bere obran dauden bi mundu batuko ditu: jazza eta tangoa, musika instrumentala eta kanta. "40ko hamarkadan musikak dantzagarri izaten jarraitzeak berebiziko garrantzia zuen orkestra handi eta haien zuzendarientzat, eta kontzeptu horren barruan moldatzaile eta konpositoreek esku hartu, eta egin eta desegiten zuten, eta arrisku handiak aurkitu eta hartzen zituzten, euren errepertorio instrumentalean zein kanta-formatukoan", adierazi du emanaldiaren antolatzaile Joseba Cabezasek. "50eko hamarkadaren bukaera aldean, Astor Piazzola jenioa honetaz ohartu, eta aldarrikatu zuen: mundua eta gizartea aldatzen ari ziren, eta Buenos Aireseko musikak ere aldatu beharra zuen. Arrazoia zuen, noski, eta beraren musikak ordura arte pentsaezin ziren hainbat tokitara eraman zuen tangoa; mundukoago bihurtu zuen, nolabait".

Sarrera-txartelak 15 euroan erosi ahal izango dira, maiatzaren 31tik aurrera, www.ondasdejazz.com webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide