Aurrera doa alarma egoerarik gabeko hirugarren astea, eta, horrekin batera, Covid-19aren Arabako datuak 2020ko abuztuaz geroztik izandako onenak izan dira azken asteetan. Gainera, bertan egonkortu da gure lurraldea: une honetan, intzidentzia tasa metatua 116koa da (atzo bezala), eta soilik 29 positibo berri atzeman dira azken 24 orduetan.
Gasteizen ere, intzidentzia tasa 102koa da une honetan, azken 24 orduetan 14 positibo berri baino ez dira atzeman. Joera mantenduz gero, Arabako hiriburua datozen egunetan jaitsi daiteke 100eko intzidentziatik.
Lurraldeko egoera kezkagarriena Agurainen topa dezakegu. Izan ere, azken egunetan positibo berri ugari agertu dira eta udalerria eremu laranjan dago: intzidentzia tasa 373koa da, azken 24 orduetan positibo bakar bat ere atzeman ez den arren. Datozen egunetan ikusiko da Lautadako herriburuaren bilakaera.
Bestalde, Aiaraldeko udalerri nagusiek eremu horian jarraitzen dute, eta, oraingoz, ez dago kezkatzeko arrazoi handirik: Amurrion (203) 3 positibo atzeman ziren atzo, eta Laudion (158), ordea, bat ere ez.
Lurraldeko beste positibo berriak horrela banatzen dira: Aramaio (5), Iruraiz-Gauna (2), Burgu (1), Lapuebla de Labarca (1), Navaridas (1) eta Urkabustaiz (1).
Intzidentzia tasa metatua
Astelehenean LABIren bilera
Datorren astelehenean, maiatzaren 31n, 16:30ean bilduko da LABIa, pandemiaren bilakaera eta maiatzaren 9tik indarrean dauden neurri murriztaileen gaineko aldaketak aztertzeko, batez ere ostalaritzari dagokionez. Honako hauek dira asteleheneko bileran edo hurrengo hilabeteetan zehar LABIk ezar ditzakeen balizko aldaketa nagusiak:
- Ostalaritzaren ordutegia zabaltzea: gaur egun, 22:00etan itxi behar dute jatetxe eta tabernek.
- Ostalaritzaren edukiera handitzea: gaur egun, barruan %50era mugatuta mantentzen da.
- Barran edo zutik kontsumitzea baimentzea: gaur egun debekatuta dago.
- Mahaietan lau pertsona baino gehiago baimentzea: gaur egun debekatuta dago.
Aukera horien inguruko erabakia, betiere, "pandemiaren datuen bilakaeraren araberakoa" izango dela aurreratu dute Eusko Jaurlaritzako iturriek. Zentzu horretan, ostalariekin inolako negoziaziorik ez dagoela ziurtatu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.
Birusa atzera egiteko fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, astearte honetan 8.787 test diagnostiko egin ziren; horietatik 379 positiboak izan ziren (%4,3).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,96koa da Araban eta 0,97koa EAEn. Beraz, birusa atzera egiteko fasean dago Araban eta EAE osoan, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen ari delako.
Hala ere, azken astean zehar 0,89tik 0,96ra igo da Arabako birsorkuntza tasa; ondorioa, oraingoz, intzidentzia tasa egonkortzea eta horren jaitsiera moteltzea izan da, baina datozen asteetako bilakaerari adi egon beharko gara.
Ospitaleen egoera eta hildakoak
EAEko ospitaleei dagokionez, bosgarren olatuaren une txarrenak atzean gelditu dira jada. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 38 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
- 191 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 111 paziente ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 302 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaleetan Covid-19aren ondorioz.
- Maiatzaren 17tik 23ra bitartean, 18 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
- Guztira, 4.328 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.
Txertaketari buruzko datuak
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan jakinarazi du AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtetik beherako oinarrizko 83.000 langileek jarraitu beharreko prozedura: Osakidetzak Pfizer dosi bat eskainiko die, AstraZenecarekin lehen inokulazioa egin zenetik 12 asteko txertaketa-pauta osatzeko.
Bigarren dosirako AstraZenecaren txertoa jaso nahi dutenek, ordea, eskaera egiteko inprimaki bat bete beharko dute Osakidetzaren webgunean, eta baimen bat sinatu. Pertsona horiek itxaron-zerrenda batean sartuko dira. Ondoren, AstraZenecaren txerto nahikoak lortu ahala, Osakidetzak banan-banan deituko ditu itxaron-zerrendako pertsonak, txertaketa osatzeko.