Araba zeharkatu du Kutxa Biraren azken txanpak

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 12:00

Umeak dantzatzen, Kutxa Biraren Argantzongo ekitaldian. / @KutxaBira

Joan den astean, Kutxa Bira egitasmoaren azken txanpak hainbat geltoki izan zituen Araban. Kanpezu, Villabuena, Bastida, Trebiñu, Gasteiz eta Oion bisitatu zituen, Nafarroara abiatu aurretik.

Euskal diaspora eta Euskal Herria batzeko asmoarekin Iparra Hegoa elkarteak abiatutako Bizi gira... kutxa bira! ekimena bere azken txanpan dago. Amets Arzallusek idatzitako mezua gordetzen duen egurrezko kutxa herriz herri mugitu dute martxoaren 20tik. Orduan abiatu zen Viedmatik, Argentinatik, eta Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatu ditu orain arte.

Birak hilaren 30era arte iraungo du, eta, tartean, hainbat geltoki izan ditu Araban: apirilaren 27an Aramaio, apirilaren 29an Laudio, maiatzaren 5ean Izarra, maiatzaren 6an Arabako Lautada. Azken txanpan, Bartzelonan izan ostean, gure lurraldera itzuli da Kutxa Bira.

Joan den asteartean, hilaren 18an, Kanpezutik igaro zen. Ondoren, hilaren 19an Arabako Errioxara abiatu zen, Villabuena eta Bastidara; 20an, Trebiñutik igaro eta Gasteizera iritsi zen, eta bertan ekitaldi bat antolatu zuten. Hurrengo egunean, hilaren 21ean, Oiondik pasa zen, handik Nafarroara sartzeko, Araba atzean utziz.

"Hitza da gure lurra"

Amets Arzallus bertsolariak idatzitako Hitza da gure lurra izeneko mezua gordetzen duen kutxa bidaiaria da ekimenaren oinarria, eta euskal diaspora eta Euskal Herria batzea helburua. Egitasmoan parte hartzen duen herri bakoitzak, gainera, aldarrikapen bat sartuko du kutxa barrura, eta hurrengo herriari gonbidapen agurra idatziko dio. Herriz herriko aldarrikapenez gainera, Euskal Herri osoari zuzenduko zaion manifestua herri guztietan irakurriko da.

Aurtengoa Kutxa Biraren lehen edizioa da, eta, ahal dela, azkena izatea espero dute. Besteak beste, pandemiaren ondorioz egin izan ez diren beste ekimen batzuk behin behinean ordezkatzea izan da ekimenaren xedea. "Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak kalte emozionalak eta nortasun kalteak eragin dizkigu, eta horren ondorioa da Kutxa Bira", azaldu du Pello Aranzabalek, Iparra Hegoako kideak.

Kutxa Bira Araban zehar

Aramaio

 

Laudio

 

Izarra

Arabako Lautada

Kanpezu

Villabuena

Bastida

Argantzon

Gasteiz

Guardia

Oion

Nafarroa

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago