Sevilla 1 - 0 Alaves

Alavesek agur esan dio denboraldiari, itxura ona emanez

Ibon Gorrisi 2021ko mai. 24a, 07:00
Argazkia: LA LIGA

Sevillak azken unean sarturiko gol bati esker irabazi egin dio Alavesi. Agur Ligari, agur denboraldiari. Hurrengo urtean askoz hobe.

Sevilla

1

Alaves

0

Istoriorik gabeko neurketa izan da. Alavesek itxura oso ona eman du, baina izandako gol aukerak ez ditu gauzatu. Sevillak, gauza handirik gabe, azken unean gola egin du eta garaipena lortu.

Gauza handirik ez zegoen jokoan eta partida besterik gabe joan zaigu. Callejak aldaketak egin ditu hamaikakoan, eta hasieratik aritzeko aukera izan dute Sivera, Tachi eta Guidetti jokalariek. Lehen zatian jokoa oso motela izan da, bizitasunik gabekoa. Jokoaren ekimena Sevillak eraman du, baina inongo sakontasunik gabe. Talde arabarra oso ondo kokatu da zelaian, eta ez du inongo zirrikiturik utzi. Kontraerasoan aritu da taldea, eta era horretako jokaldi batean, Pellistrik oso jokaldi polita egin du, baina egindako azken pasea kaxkarra izan da. Jokoa bide beretik joan da, eta, horren ondorioz, bi taldeetako jokalariak golik egin gabe aldageletara joan dira.

Gauzarik onena: seigarren urtez jarraian Alavesek Lehen Mailan jarraituko duela

Bigarren zatian gauzak ez dira batere aldatu. Sevillak eta Alavesek ez zeukaten ezertxo ere jokoan, eta hori islatu da berdegunean. Gainera, bi entrenatzaileek aldaketak egin dituzte guztiei aukera emateko, azken neurketan parte hartzeko. Talde arabarrak bigarren zati honetan gol aukera paregabeak izan ditu markagailua alde jartzeko. Baina, halako batean Manu Garciak egindako errematea zutoinera joan da, eta partida bukatzear izandako aukera garbia atezainak kornerrera desbideratu du.

Norgehiagoka golik gabeko berdinketarekin amaituko zela zirudien. Baina, gutxien espero zenean, Papu Gomezek areaz kanpotik egindako jaurtiketa sareetara joan da, eta hor amaitu zaigu lehia. Pena Alavesek aukera paregabea galdu duelako Sanchez Pizjuan futbol zelaian irabazteko.

Besterik gabe, amaitu zaigu denboraldia. Zalerik gabe harmailetan baina, ezbairik gabe, gauzarik onena seigarren urtez jarraian Alavesek Lehen Mailan jarraituko duela.

Agur Ligari, agur denboraldiari! Hurrengo urtean askoz hobe! Izan untsa!

Hamaikakoak

  • Sevilla: Vaclik; Aleix Vidal, Kounde, Rekik, Escudero (74’. Papu Gomez); Gudelj, Jordan (56’. Rakitic), Franco Vazquez (56’. Oliver); Suso (74’. De Jong), En-Nesyri eta Ocampos (56’. Oscar).
    • Txartel horiak: 28’. Aleix Vidal, 85’. Julen Lopetegi (entrenatzailea).
  • Alaves: Sivera (72’. Pacheco); Ximo Navarro, Tachi, Lejeune, Ruben Duarte; Tomas Pina, Manu Garcia, Pere Pons (67’. Joselu); Facundo Pellistri (67’. Luis Rioja), Edgar Mendez (78’. Battaglia) eta Guidetti (78’. Lucas Perez).

Golak

  • 1-0: 92’. Papu Gomez.

Sanchez Pizjuan futbol zelaiko harmailak

Ikuslerik ez. Ea hurrengo denboraldian partidak bertatik bertara ikusteko aukera izaten den! Alavesek, batez ere, zaleen animoak behar ditu. Partidak ez du gorabehera askorik izan. Okerrena Sivera atezainaren lesioa. Izan ere, aspaldiko partez jokatu gabe eta denboraldiko azken partidan mina hartu du.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Aspaldiko partez, partida patxadaz ikusteko. Denboraldia oso gogorra izan da. Baina gutxienez helburua lortuta gozatzeko izango da Sevillaren aurkako partida.
  • Aldaketak hamaikakoan. Sivera, aspaldiko partez, Tachi, Guidetti. Dagoeneko taldea hurrengo denboraldirako prestatzen ari da. Deyverson eta Jota Peleteiro jokalariek ez dute jarraituko. Egia esanda ez batak ez besteak ez dute gauza handirik eskaini.
  • Ikusiko dugu hurrengo denboraldirako zer-nolako taldea egingo duten! Badirudi Callejak jarraituko duela. Oso bukaera bikaina eman dio denboraldiari. Partida gutxi zuzendu ditu baina emaitza ezin hobea izan da.
  • Jokoan gutxi dago. Egia esanda, ezertxo ere ez. Ez batak ez besteak. Beno, ea itxura ona ematen duten!
  • Joko gutxi, gol aukera gutxi. Erritmo gutxiko norgehiagoka. Sevilla goi mailako taldea da. Denboraldi bikaina egin du. Pena azken neurketetan, baina onenen artean izan da.
  • Lehen zatia besterik gabe joan zaigu. Joko gutxi. Gol aukerarik garbiena Alavesek izan du.
  • Bigarren zatian seguru aldaketak izango direla. Horixe bera, bide beretik partida. Bizitasunik gabe, gol aukera gutxi. Garbi dago biek ahalik eta lasterren amaiera eman nahi diotela denboraldiari.
  • Pena, zaleak ez izatea futbol zelaietan. Ea hurrengo denboraldian posiblea izan den!
  • Istoriorik gabeko partidan azken unean Sevillak gola egin du eta irabazi du. Alavesek aukera izan du garaipena lortu du baina ez du asmatu ate aurrean.
  • Agur Ligari. Primeran pasa, primeran gaudelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide