EAJk eta PSEk frankismoaren aurkako kereila aurkezteari uko egitea kritikatu dute biktimek

Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 13:20
Arabako erakundeek frankismoaren biktimei egindako omenaldia. / GASTEIZKO UDALA

Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformak "aitzakiak" bilatu izana leporatu die EAJ eta PSEri, Batzar Nagusietan frankismoaren Arabako biktimen salaketa gauzatzeko kereila aurkezteari uko egiteagatik.

Asteazken honetan, maiatzaren 19an, EH Bilduren mozio bat eztabaidatu zen Arabako Batzar Nagusietan. Besteak beste, Gasteizko epaitegian kereila bat jartzeko proposamena aztertu zen, Araba osoan frankismoaren errepresioaren biktima guztien aldeko salaketa gauzatzeko.

Oraingo mozioak 2018ko beste batean du bere jatorria, Batzar Nagusiek eta Aldundiak frankismoak Araban eragindako krimen guztiengatik kereila bat aurkeztea erabaki zutenean. Mozio hartan, Biktimen Bulego berezi bat antolatzea ere onartu zen, lurraldeko biktima eta familiartekoei aukera emateko frankismoren krimen guztien salaketak adierazteko; 150 testigantza baino gehiago jaso ziren. Salaketa horiek guztiek gorpuztu zuten kereila.

Duela gutxi, Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformak agerraldi bat egin zuen Batzar Nagusietan, duela hiru urte hartutako erabakiari buruzko urratsak zein egoeratan ziren ezagutzeko.

EAJ eta PSEren jarrera aldaketa

Hala ere, maiatzaren 18an "ezustea" iritsi zen, Plataformaren arabera. Izan ere, mozioaren eztabaidaren bezperan jakin zuten EAJk eta PSEk ez zutela EH Bilduren mozioa babestuko eta aipatutako mozioari aldaketa-zuzenketa bat aurkeztuko ziotela, "2018an onartutakoari muzin eginez".

Foru gobernua osatzen duten bi alderdiek Martxoaren 3ko sarraskiaren kereilak izan duen ibilbidea aipatu zuen argudio gisa; hau da, kereilak ez zuela "inongo ibilbiderik izango". Espainiako bide judizialaren babesa lortu ezik, instituzioak inongo aukerarik gabe geratzen dira nazioarteko epaitegietara jotzeko, Estrasburgo kasu; izan ere, ez dute horretarako  legitimazio aktiborik, Espainiako estatuaren egitura instituzionalaren parte direlako.

"Aitzakia maltzurra"

Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak argudio hori "aitzakia maltzurra" dela deritzo, "inongo euskarri gabea". Azaldu duenez, instituzio eta biktima partikularren salaketekin eraikitako horrelako kereila batek ez du "inongo eragozpenik" Estrasburgora joateko: "Espainiako bide judiziala agortu ondoren, kereila horretako biktimak beraiek aukera dute nazioarteko helegite-bidera jotzeko", zehaztu dute.

"Urrats hori beste instituzio eta udal batzuek emana dute, eta kereilaren aldeko mozioari emendakina egin diotenek hori badakite", kritikatu du plataformak. "Are gehiago, Nazioarteko Giza Eskubideen Batzordeko Espainiarako Errelatore Berezi Fabian Salviolik bere egunean esan zuen bezala, instituzioek beraiek dute aukera Batzorde honetara jotzeko, horrela salatuz Espainiako instituzio judizialen jokamolde oztopatzailea".

"Bigarren mailako biktimak"

Mozioari aurkeztutako emendakin hori, gainera, "akats larria" dela uste dute frankismoaren biktimen elkarguneak, "biktimekiko zalantza gabeko babes instituzionala plazaratzeko unea delako, edozein ekimen edo egitasmotan berauei lagunduz, Justiziak behingoz hitz egin dezan".

"Kontrajarria da emendakin bat onartzea non bere bi lehen puntuetan Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren eskubideekiko betebeharraren eskakizun irmoa egiten den, eta hurrengo lerroetan krimenen salaketarik eta kereilarik ez onartzea, Justiziaren bila hain zuzen, berarekin lortzeko, edo saiatzeko bederen, frankismoaren inpunitatearekin amaitzea", salatu dute. "Errealitatea tematia da eta badira, bai, lehen mailako eta bigarren mailako biktimak".

"Bizikidetzaren alde memoria osoa aldarrikatzeko ordua da, eta hori Justizia eginez bakarrik lortuko dugu", gaineratu du plataformak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide