Buztan azkengabean

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2021ko mai. 22a, 10:00

Arg: Pixabay

"Sakelakoak dira agerian diharduten bakarrak, norberaren festa arinean"

Ba omen daki maiatzak neguaren buztana izaten. Ba omen daki, herri jakintzek hainbat hizkuntzatan jaso duten modura, martxoaren itxura hartzen. Eta jantzi horrekin ari du gaur: freskuratik, ohi baino gehiago, eta euria barra-barra. Hala joan dira pilatzen ezezagunak, minutu gutxiren buruan, bat-bateko euri zaparradatik salbu egon nahian, goitik behera bustitzeko arriskua laster joango delako esperantzan. Gero eta jende gehiago bildu da pandemia denborako garraiobide publikoen traza hartutako aterpe inprobisatuan. Gorde beharreko pertsonen arteko distantziak murriztu egin dira, ezinbestean. Lehorrean.

Gogotik jarraitzen du erauntsiak. Uste baino gehiago ari da luzatzen hasieran iragankorragoa zirudien ur parrasta-kolpea. Euritako handia daraman 50 urte inguruko emakume gizen bat azkena izan da leku estua estuagotzen. Bertan lehendik atertuak zeudenek ez diote ongi etorririk egin haien begiekin. Gizon gazte batek marmar moduko bat egin du eta euritara atera da lasterka. Segundo batzuk nahikoa izan dira egindako okerraz jabetzeko: beste aterperik ez du aurkituko berehalakoan, eta ordurako, akabo, damutua eta blaitua. Abisu isila gertatu da denentzat. Beste inor ez da leku deserosotik mugitu.

Teman tinko segitzen du jasa itsuak, aspaldian gogoratu ez bezala. Ezinegona sumatzen hasia da, nahiz eta inork ez dion hitzik eman horri. Zirkunstantziek elkarren ondoan bildutako jende multzoak isilik dirau. Berezko egoera denari kontra eginez, elkartasun arrastorik ez dago. Sakelakoak dira agerian diharduten bakarrak, norberaren festa arinean.

Espero larrian zaude besteekin batean, zuk inoiz ezagutu duzun negurik luzeenaren buztan azkengabean. Atertu artean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago