'Ogiak hizketan baleki' eta Benniz proiektuak aukeratu ditu TopAraba egitasmoak

Erredakzioa 2021ko mai. 21a, 09:45
Mamiak kolektiboko hainbat kide eta Beñat Goitia, prentsaurrekoan. / OIHANEDER

Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki proiektuak Gasteizko historia berreskuratuko du kazetaritza performatikoaren bidez. Beñat Goitiak eta Anne Baskaranek, ordea, musika garaikidea eta estetika landuko dute Benniz proiektuan.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital fundazioak aurten lehen aldiz antolatu dute TopAraba, euskarazko kultura sormena sustatzeko egitasmoa. Lehen edizio honetan, 7.500 euro banatuko dituzte datozen hilabeteetan bi proiektu garatzeko.

Alde batetik, Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikertzaile historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscinaren (komunikazio arduraduna) Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki lana aukeratu dute; eta proiektuak 4.000 euro jasoko ditu. Ikus-entzunezkoak, kazetaritza, arte eszenikoak, historia eta literatura bat etorri dira obra honen ehunduran. Proposamenak kazetaritza performatikoan du oinarri, eta Lehen Karlistaldian (1835-1836) Gasteizen izandako gertaera lazgarri batzuk izan ditu abiapuntu.

Bestalde, Beñat Goitiaren eta Anne Baskaranen Benniz proposamenak 3.500 euro jasoko ditu. Azken urteetako musika joerak eta ikus-entzunezkoak proiektuaren zutabe nagusiak diren arren, argiztapena, moda eta ilustrazioa ere gurutzatuko zaizkie bidean. Azken emaitza irudiz lagundutako kontzertua izango du.

Bi taldeek sei hilabeteko epea izango dute egitasmoak osatzeko, eta udazkenean aurkeztuko dira Oihaneder Euskararen Etxean.

Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat

Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki kazetaritza performatikoa izango du oinarri, "ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala". Horren bitartez, Gasteizko historiaren ahaztutako hainbat pasadizo berreskuratu nahi ditu obra honek.

1836an gaude, Gasteizen, Lehen karlistaldian. Obraren sortzaileek ezin hobe azaldu dute lan honetan topatuko duguna: "Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen diote Joseri, are eta ikaragarriagoa den beste zerbait, benetan izugarria… Azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200etik gora soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote?".

Haustura digitala, musika eta estetika

Benniz proiektuaren inguruan Beñat Goitia eta Anne Baskaran batu dira. 2020ko urtarrilean, Beñatek Montauk musika taldearen proiektua utzi zuen, eta orduan ekin zion musika elektronikoaren bideari. Ondoren, TopAraba egitasmoaren jardunaldian proiektu berri hau ernaltzen hasi zen.

Hilabete luzeetan zehar, irudiz adierazi beharreko estetika bat eraiki nahi izan du Beñatek, eta bide horretan elkarlanean aritu da Anne Baskaranekin. "Azken urteetako musika kontsumoaren joerek dagoeneko joera izateari utzi diote, pandemiak haustura digitala eraginez betikotu egin baititu", azaldu dute proiektuaren sortzaileek. "Gaur egun, kantu batek ez du esanahi osaturik soilik belarriekin entzuten bada. Kantu hori laguntzen duten bideoek, jantziek, argazkiek, iruditeriak, hau da, estetikak osatzen dute mezuaren esanahia".

Hain zuzen ere, oinarri horrekin garatuko dute proiektua eta horren azken emaitza izango den kontzertu-ikuskizuna.

Diziplinarteko saretzea

Egitasmoaren lehen pausoak otsailaren 27an eman ziren, Oihanederren, egun osoko topaketa batean. Goizean hainbat adituren ekarpenak jaso zituzten, eta arratsaldeko saioko laborategian kultur sortzaileek beren artean elkar ezagutu eta diziplinarteko proiektu zehatzen inguruan saretzeko aukera izan zuten. Saretze horretatik sortu dira bi talde eta proiektu irabazleak.

Oihaneder Euskararen Etxeak lehenengo edizio honen balorazio baikorra egin du. Izan ere, laborategiko lan-saioan parte hartu zuten hamasei kultur sortzaile arabarren artean bost proiektu aurkeztu zituzten. Horietako bi izan dira 2021eko deialdian diruz lagunduko direnak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide