Foronda, dagoeneko martxan 24 orduz asteko egun guztietan

Erredakzioa 2021ko mai. 20a, 11:15
AENAk beirate berriak instalatu ditu aireportuko kontrol-dorrean. / AENA

Gaurtik aurrera, Forondako aireportuak 24 orduz egingo du lan asteko zazpi egunetan, salgaien zein bidaiarien trafikoarentzat. 1980. urtean ireki zenetik lehendabiziko aldiz izango du baimen hori.

Gasteizko aireportua 2019an hasi zen egun osoko jardunarekin, asteburuetan salbu. Gaurtik aurrera, ordea, larunbat eta igandeetan ere jardun ahal izango du, H-24 ordutegiarekin.

Horren aurretik, AENAk beirate berriak instalatu ditu kontrol-dorrean. Horrez gain, bi obra nagusi daude martxan edo egiteke: alde batetik, bidaiarien terminalaren berrikuntza datozen asteetan amaituko da (80ko hamarkadatik berdina izaten jarraitzen zuen); bestetik, Foronda inguruko herrietako 78 etxebizitza akustikoki isolatu beharko ditu AENAk, eta horretarako Ingurumenaren Jarraipen Batzordea eratu du.

 

Lehiakortasuna

Horrela, aireportuaren lehiakortasuna handitzen jarraitzea espero da, azken hilabeteetako joera mantenduz. Izan ere, Gasteizko aireportuko datuak oso positiboak izaten ari dira: aurtengo apirilean, 2020an baino %45,4 zama gehiago mugitu zuen, eta 2019an baino %17,1 gehiago. Datuak bereziki onak dira Bartzelonako (-% 27,3) eta Madrilgo (-% 15,7) aireportuen jaitsiera handiekin alderatzen badugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide