AstraZeneca txertoari loturik sortu diren gertaera tronbotiko arraroek soka luzea ekarri dute. EMA Sendagaien Europako Agentziak jarraibide osoa emateko aukera babesten du oraindik, txerto horren onurak arriskuak baino askoz handiagoak direlakoan. Baina hainbat gobernu zuhur azaldu dira AstraZenecarekin jarraitzeari dagokionez, eta txertaketa horiek bertan behera utzi dituzte. Hori horrela, Espainiako Gobernua autonomia erkidegoetako ordezkariekin bildu zen atzo, eta hiru mezu nagusi zabaldu zituen.
Batetik, bere lehentasuna dela txertoaren lehen dosia AstraZenecarena jarri dutenei Pfizerrena ematea bigarrena; bestetik, bigarren dosirako Pfizer jarri nahi ez dutenei aukera emango diela AstraZenecarena jartzeko, eta horretarako baimen informatu bat eman beharko dutela. Azkenik, erantsi zuen bigarren aukera horri oniritzia eman behar diola Espainiako Bioetika Batzordeak.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen dituzu ikusgai.