Farolen prozesioak 125 urte bete dituela eta, hainbat ospakizun antolatu dituzte, eta, besteak beste, Hirirako argiak erakusketa ikus daiteke uztailaren 4ra arte Vital Fundazioaren aretoan. Orain arte gai honi buruz antolatu den bilduma zabalena da, gasteiztartasunaren esentzia jasotzen duen ondare material eta immaterialaz osatua.
1895ean sortutako Farolen Arrosarioko prozesioaren eta 1613an sortutako Andre Maria Zuriaren Kofradiaren historiaren lekukotza da erakusketa. Maria Camino Urdiain historialari, dokumentalista eta kofradeak komisariatu du, eta Arrosarioarekiko debozioaren jatorritik hasi eta gaur egun egiten den prozesioraino doa erakusketa, beiragintzaren artea hari gidari hartuta. Ibilbide koloretsu eta didaktikoa da, Gasteizko historian zehar, urtero hiriko jaietan egiten den prozesio horren tradizioan barrena.
"Erakusketaren helburua da, alde batetik, Farolen Arrosarioko prozesioaren 125. urteurrena ospatzea, eta, bestetik, Kofradiak zaintzen duen hiriko ondare material eta immaterial hori herritarrei hurbiltzea, publikoak ikusi ohi duen erakusketa-diseinuaz bestelakoa, estetika moderno eta koloretsuarekin", nabarmendu du Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak.
Erakusketak lehen aldiz atera ditu argitara orain arte ezezagunak zien dokumentuak, gehienak Eduardo de No argazkilariaren lanetik ateratako irudiz osatuak. Era berean, lurraldeko hainbat erakundek lagatako beste irudi eta elementu batzuk ikus daitezke. Guztira, 50 dokumentu baino gehiago, lan ezezagunak eta Gasteizko historiaren parte diren pertsonaiak daude.
Hirirako argiak erakusketa Vital Fundazioa erakusketa-zentroan ikusi ahal izango da uztailaren 4ra arte, asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era eta 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:30era igande eta jaiegunetan.