Pesetrack

Autokarabana batek pezetak bilduko ditu erosketa txartelengatik trukatzeko

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 17a

Cristina Gonzalez, Victor Ibañez eta 'Pesetrack' autokarabana. / AFA

Pesetrack kanpainak pezetak berreskuratuko ditu tokiko merkataritzako kontsumoa sustatzeko. Datozen asteetan, autokarabana bat Araban zehar ibiliko da pezetak jasotzeko eta erosketa txartelengatik trukatzeko.

Ekainaren 30ean, pezetak eurotan aldatzeko epea behin betiko itxiko du Espainiako Bankuak. Horren harira, Pesetrack kanpainak aukera paregabea eman nahi die Arabako herrietako bizilagunei, gordetako pezeta horiek aldatzeaz gain, tokiko merkataritzari laguntzeko.

Maiatzaren 24tik ekainaren 10era bitartean, autokarabana bat Arabako eskualdeetan zehar ibiliko da pezetak (txanponak zein billeteak) jasotzen, eta atxikitako establezimenduetan produktuak edo zerbitzuak erosteko txartelengatik trukatuz. Bonu horiek irailaren 30era arte erabili ahal izango dira:

  • Mendialdea: Maeztu, Kanpezu eta Urizaharra.
  • Lautada: Agurain eta Araia.
  • Arabako Errioxa: Oion, Guardia, Eltziego eta Bastida.
  • Añana: Iruña Oka eta Erriberabeitia.
  • Aiaraldea: Okondo, Artziniega, Laudio, Amurrio eta Arespalditza.
  • Gorbeialdea: Aramaio, Legutio, Murgia, Izarra, Ondategi eta Gopegi Gorbeialdean.

Dendek, ekoizleek eta profesionalek edozein unetan egin ahal izango dute bat Pesetrack kanpainarekin. Kanpainan izena eman duten merkatari eta profesional guztien zerrenda eguneratua www.arabadendak.eus webgunean kontsulta daiteke. Kontsumitzaileek pezetatan ordainduko duten arren, merkatariek eurotan jasoko dute beren establezimenduetan trukatutako txartelen balioa.

Arabadendak merkatarien elkartearen ekimena da, Aldundiko Merkataritzal Sailaren eta Caja Rural kutxaren babesarekin; Fournier Kartak eta Autocaravanas Norte enpresek ere lagundu dute proiektua garatzen.

Tokiko merkataritza

Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak eta Victor Ibañez Arabadendak elkarteko presidenteak kanpaina aurkeztu dute astelehen honetan; autokarabana ere bertan izan da. "Tokiko merkataritza funtsezkoa da gure herri eta hirietako bizitza sozial eta ekonomikoan", azpimarratu du Gonzalezek. "Aberastasuna eta enplegua sortzen ditu, kalitatezko produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko aukera ematen du, eta, berez, bisitatzen gaituztenentzat erakargarri turistikoa da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago