Legution jokatuko da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren finala

Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 09:27

Binakako Txapelketaren aurreko kanporaketa bat. / ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Larunbat honetan, maiatzaren 22an, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko da Legutioko kiroldegian, 17:30etik aurrera. Viñaspre eta Anda, Bendala eta Perea, Abarrategi eta Agirre izango dira bikoteak.

Iñaki Viñaspre Simon eta Unai Anda Delika; Manuel Bendala Garcia-Donas eta Oihane Perea Perez de Mendiola; eta, hirugarren bikotea, Martin Abarrategi Sarrionandia eta Manex Agirre Arriolabengoa. Horiek dira aurtengo Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren finalean bi txapelen lehian arituko diren bertsolari bikoteak. Aurkezleak Nieves Del Alamo Gil eta Eli Plazaola Zubizarreta izango dira.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.

Hemezortzi bertsolarik hasitako abentura

Abentura 2020an hasi zen, banakako txapelketarako sailkapenekin. Pandemiak, ordea, zalantzak ere ekarri zituen Arabako Bertsozale Elkartearengan. Posible izango al zen banakako Txapelketa aurrera ateratzea inor konfinatu gabe, saiorik galdu gabe. Posible izango al zen sikiera saioak egitea? Zalantza horien guztien artean, eta bertsolari zein zuzendaritza batzordearen bileretan hausnartu ondoren, binakako txapelketaren ideiak aurrera egin zuen.

Hiru final laurden eta bi finalerdi

Final laurdenak, hurrenez hurren, Izarran, Araian eta Oionen jokatu ziren. Esperientzia berria izan da bertsolarientzat, norberarengatik bakarrik ez, bikotearengatik ere ondo egiteko ardura gehitu baita bikoteen artean. Final erdietara sei bikote sailkatu ziren. Amurrion eta Gasteizen neurtu zituzten haien hitzak, Legutioko finalean aulki bat eskuratzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide