Alaves 4 - 2 Granada

Alavesek goi mailako garaipena lortu du Lehen Mailan jarraitzeko

Ibon Gorrisi 2021ko mai. 16a, 22:30
Argazkia: @Alaves

Mendizorrotzean 4-2 irabazi dio Alavesek Granadari. Mendeurrenaren urtean, UEFAko finalaren hogeigarren urtean, Alavesek merezimendu osoz garaipena lortu du, eta beste urte batez Lehen Mailan jarraituko du.

Alaves

4

Granada

2

Sufrimenduz beteriko denboraldiari amaiera ezin hobea eman dio Javi Callejak zuzendariko taldeak. Igande honetan, babazorroek 4-2 irabazi diote Granada taldeari, Mendizorrotzan.

Denboraldia oso gorabeheratsua izan da. Egindako ibilbidea ez da batere ona izan. Gainera, zenbait partidatan taldeak eman duen itxura oso kaxkarra izan da. Halere, Ligako azken txanpan, batez ere Javi Calleja etorri zenetik, arabarrek ibilbide txarrari buelta ematea lortu dute. Granadaren aurka eta etxean ez zegoen huts egiterik. Irabazi beharra zegoen, eta taldeak lehen minututik garaipenaren bila aritu da.

Javi Calleja etorri zenetik, Alavesek ibilbide txarrari buelta ematea lortu du

Hasieratik bideratu du garaipena Alavesek. Pere Ponsek zortzigarren minutuan sartu du lehen gola. Markagailuan aurrea hartzeak balio izan du zalantzak uxatzeko. Hortik aurrera lasaitasunez aritu da taldea, eta gol aukera garbiak sortu ditu. Nagusitasuna erabatekoa zen, eta horren ondorioz etorri da bigarren gola. Falta baten ondorioz, Lejeunek buruz errematatu du, eta Ruben Duartek gorputzarekin ukitu ondoren saretara joan da baloia.

Norgehiagoka erabat bideratuta zegoen, baina, atsedenaldira joateko gutxi falta zenean, Jorge Molinak errenta murriztu du. Une batez, mamuak agertu dira. Dena den, berehala epaileak lehen zatiaren amaiera adierazi du.

Bigarren zatian, Alaves golaren bila atera da. Gol aukerak bata bestearen atzetik etorri dira, eta Battagliak zutoinera bidali du baloia. Hurrengo jokaldian, Aaron atezainak geldiketa paregabea egin du. Hirugarrena zetorrela zirudien. Baina gauzak nolakoak diren! 63. minutuan, Puertasek neurketa berdindu du, eta zenbait minututan porrotaren mamuek hegan egin dute Mendizorrotzako zeruetatik. Minutu oso gutxi izan dira; berehala, Joseluk, nola ez, hirugarrena egin duelako. Laguardiak egindako erdiraketa maisuki errematatu du aurrelari galiziarrak. Emaitza borobiltzeko, Luis Riojak laugarrena egin du.

Jokalari guztiek, entrenatzaileak, laguntzaileek eta bertaratutako guztiek bat egin dute ospatzeko taldeak hurrengo urtean ere Lehen Mailan jarraituko duela

Bukaeran, festa izugarria. Jokalari guztiek, entrenatzaileak, laguntzaileek eta bertaratutako guztiek bat egin dute ospatzeko taldeak hurrengo urtean ere Lehen Mailan jarraituko duela. Asko sufrituta, hilabete eta erdian, azken sailkatua izatetik hamabosgarren postura heltzeraino igaro da Alaves.

Denboraldi osoan hiru entrenatzaile, nahasmen, zurrunbilo eta zalantza asko sortu da taldearen inguruan, baina azkenean denon pozerako helburu lortu du.

Hurrengo urtean, berriz ere, Lehen Mailako taldea izaten jarraituko du Alavesek.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Martin (91’. Ximo Navarro), Laguardia, Lejeune, Rubén Duarte; Pere Pons, Tomás Pina (90’. Borja Sainz), Battagia, Luis Rioja (73’. Pellistri); Lucas Perez (85’. Manu Garcia), Joselu (91’. Guidetti).
    • Txartel horiak: 91’. Manu García, 92’. Guidetti.
  • Granada: Aaron; Foulquier, Nehuen (47’. German), Duarte, Quini; Yan Eteki (84’. Quina), Gonalons (41’. Fede Vico), Marin (47’. Puertas), Soro (57’. Machís), Jorge Molina, Luis Suarez.
    • Txartel horiak: 19’. Nehuén, 30’ Yan Eteki, 45’. Duarte, 47’. Quini

Golak

  • 1-0: 8’. Pere Pons
  • 2-0: 21. Rubén Duarte
  • 2-1: 31 Jorge Molina
  • 2-2: 63’. Puertas
  • 3-2: 66’. Joselu
  • 4-2: 72’. Luis Rioja

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Mendizorrotzak denboraldiari amaiera eman dio harmailetan zalerik gabe. Pena, pena izugarria, azken denboraldietan zaleek piztutako giroa paregabea izan delako. Epaileak VAR erabili du Alavesen bigarren gola balekoa emateko. Partidaren bukaera Alaveseko guztiek bat egiten dute zelai erdian festa egiteko. Hurrengo urtean Lehen Mailako taldea izaten jarraituko du. Inoiz baino behiago Alaves.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Eguraldi kaxkarra, euritsua baina denon buruan duela hogei urte bizi izandako Dortmund hirian. Oraindik orain gogoan dugu UEFAko final ikusgarri hura. Ea oraingo honetan mailari eusten dion!
  • Pena Alaves Gloriosasek ez irabaztea. Hor zegoen eskura baina Ibaian galdu egin dute (1-2). Ze pena! Dena den, hurrengo partidan aukera izango dute Emakumezkoen Lehen Mailara igotzeko.
  • Partida hastear ea bide onetik joaten den neurketa.
  • Aurreko hamaikakoarekin alderatuz gero bi aldaketa Battaglia eta Lucas Perez.
  • Beno, itxura ona. Ea taldeak garaipena lortzen duen!
  • Gooooooooooooooooola, Pere Ponsek egin du. Ondo, oso ondo! Hori da hori hasiera bikaina ematea partidari. Zalantzak uxatzeko onena izaten da golak egitea. Ondo ari da azken partidetan Pere Pons.
  • Taldea oso itxura ona ematen ari da. Horrela jokatuz gero garaipena etxean geratuko da.
  • Gooooooooooooooooooooooooola, Ruben Duartek besoarekin saretara bultzatu du. Lejeunek buruz erremate bikaina egin du eta bigarrena. Helburua betetzen ari da. Garaipena lortu behar da, bai ala bai.
  • Ondo, ondo.
  • Goooola! Granadaren gola. Jorge Molinaren gola. Jokalari honek beti egiten dizkigu golak. Beno, ea lehen zatia amaitzen den! Eskerrak
  • Bigarren zatia bizi bizirik hasi zaigu. Hirugarrena egin behar da eta lasaitasunez bukatu partida.
  • Baina, baina zer hau! Zer da hau! Gooola. Granadaren gola. Berdinketa. Uffff. Leku guztietatik mamuak. Ai ene!
  • Joselu, Joselu, eskerrak Joselu daukagula. Hirugarrena, Joseluk hirugarrena egin du. Eskerrak, eskerrak. Aupa Alaves, aupa Alaves. Egina, egina. Merezimendu osoz.
  • Luis Rioja, Errioxako ardorik onena Luis Riojarena. Laugarrena. Alaves, Alaves, Alaves.
  • Hurrengoan ere Lehen Mailan, inoiz baino gehiago Alaves, Alaves.
  • Hobe, hobe, Alaves, beti Alaves. Hurrengo igandean, Alaves Gloriosas Lehen Mailara. Txapeldunak, txapeldunak hobe, hobe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide