Nekazaritzako ustiategietan energia berriztagarriak sustatzeko eskatu dute Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2021ko mai. 13a, 16:36
Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkura egin dute asteartean. BBNN

Autokontsumo proiektuak martxan jartzeko behar bezalako aholkularitza ematea eta, behar izanez gero, diru-laguntzak handitzea galdegin diote talde politikoek Diputazioari.

Arabako nekazaritzako ustiategietan energia berriztagarriak sustatzearen aldeko mozioa onartu dute Arabako Batzar Nagusiek. EH Bilduk aurkeztu du mozioa, eta erdibideko zuzenketa bat onartu da EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Araba taldeen aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin.

Diputazioaren Nekazaritza sailak Arabako nekazari guztiei behar besteko aholkularitza eta informazioa emateko eta energia berriztagarrien erabilera ustiategietan ahalik eta handiena izan dadila sustatzeko eskatzen da. Halaber, aurrekontu-partida handitzeko aukera aztertzeko asmoa jasotzen da.

EH Bilduk aurkeztu duen jatorrizko mozioan argitzen denez, dagoeneko 2021. urteko aurrekontuetan 50.000 euroko partida dago energia berriztagarriak nekazaritzako ustiategietan laguntza plana egiteko.

Dulantziko kanala

Bestalde, Elkarrekin Araba batzarkide taldeak Dulantziko kanalak eragiten dituen ingurumen-arazoei irtenbidea bilatzeko ekimenaren inguruan ere erdibideko zuzenketa bat onartu da aho batez. Horretan Arabako Batzar Nagusiek AMVISA, URA eta Arabako Foru Aldundiari eskatzen diete Dulantziko kanalaren egoerari behin betiko erantzuna emateko, Dulantziko kanala naturalizatzeko aukera kontuan hartuz.

Eukaliptoaren inguruko mozioa

Halaber, nagusiki Aiarako Kuadrillan, baina baita beste zenbait lekutan ere, eukaliptoaren hedapenari buruz EH Bilduk aurkeztu duen mozioa atzera bota dute Batzar Nagusiek eta, horren ordez, EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketa onartu da. Horretan, Batzar Nagusiek Aldundiari eskatzen diote 2023-2027 Landa Garapen Iraunkorreko Planean baso-sektorea jarduera ekonomiko gisa sustatzeko neurriak kontuan har ditzala, tokiko espezieak eta hostozabalen landaketa bultzatzeko, belaunaldien arteko erreleboa errazteko, baso-ustiategiak birdimentsionatzeko, ziurtatutako zura handitzeko, basoen osasun-egoera hobetzeko eta baso abandonatua saihesteko.

EH Bilduk aurkeztu duen eta atzera bota duten mozioan, aldiz, eskatzen zuten Mendi Foru Araua eguneratu eta egokitzeko "eukaliptoen hedatzea bezalako mehatxu berriak saihesteko eta klima larrialdiaren testuinguruaren baitan lurraldearen kudeaketa iraunkorra bermatzeko". Era berean, talde abertzalearen proposamenean jasotzen zuten Eusko Jaurlaritzari eskatzea Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa sortzeko eta horretan eukaliptoaren espezie desberdinak sartzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide