Aurrenekoz, mapatxe txakurraren (Nyctereutes procyonoides) genoma osoa eskuratu du nazioarteko ikertzaile talde batek, Arabako Farmazia fakultateko Luis Javier Chueca ingurumen zientzialari eta biogeografoa buru izan duen ikerketa batean. Frontiers in Genetics aldizkarian argitaratu dituzte lan horren emaitzak.
Espeziea Asia ekialdekoa da jatorriz, baina Europara ere zabaldu da, eta bertan ere aurkitu daiteke orain. Azeriaren ahaide hurbila da, eta mapatxeekin duen antzagatik deitu ohi zaio horrela. Kanidoa gizakiari kalte egin diezaioketen zenbait gaitzaren bektore izan daiteke, eta, horregatik, bereziki garrantzitsua da haren genoma osoa ezagutzea, adituek zoonosien kontra borrokatzeko tresna gehiago eskura izan aldera.
Animalietatik gizakietara igaro ahal diren gaitz zoonotikoek gero eta arreta gehiago pizten dute zientzialarien artean, bereziki COVID-19aren zabalpenaren ostean gaitz horien ondorioek norainoko garrantzia izan dezaketen ikusi ondoren. Hain zuzen, mapatxe txakurra SARS-CoV-2 birusaren gordailu eta bektore bada; hots, birusa barruan mantendu eta transmititzeko moduan dago animalia.
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean zabaldutako prentsa ohar baten arabera, gurean ez baina Frantzian zabalduta badago espeziea, eta gaiaren bueltan egin diren ikerketek aurreikusten dute bi hamarkadetan Iberiar penintsulan zehar zabaldu daitekeela.
Erantsi dutenez, DNAren sekuentziazioa egiteko erabiltzen diren teknika berrien kostu txikiagoari esker izan da posible txakur mapatxearen genoma argitzea.