Elx 0 - 2 Alaves

Inoiz baino gehiago Alaves, Alaves

Ibon Gorrisi 2021ko mai. 12a, 08:00
Argazkia: @Alaves

Salbazioa lortzeko bidean garaipena eskuratu du Alavesek Elx taldearen aurka. Hurrengo igandean gauzak behar bezala eginez gero, Granada taldearen aurka helburua lor daiteke.

Elx

0

Alaves

2

Liga honetako lehen finala Alavesek irabazi du. Merezimendu osoz garaipena lortu du Elx taldearen aurka. Partida borobila egin du, eta sendotasun ikaragarria erakutsi du lerro guztietan. Horren ondorioz, 0-2ko emaitza erdietsi du. Salbazioa gertu, oso gertu, dauka talde arabarrak. Hurrengo igandean gauzak behar bezala eginez gero, Granada taldearen aurka helburua lor daiteke.

Salbazioa gertu, oso gertu, dauka talde arabarrak

Lehia gogorra aurreikusten zen partidaren hasieran. Biak ala biak oso egoera larrian zeuden. Gainera, Alavesek azken partidetan emandako itxura ez zen batere ona, eta zalantzaz beterik atera da Martinez Valero futbol zelaira. Halere, Callejak hamaikakoan egindako aldaketak onerako izan dira, eta taldeak oso irudi ona eman du partida osoan zehar.

Lehen zatian golik ez jasotzea izan da bi taldeen helburu nagusia. Arabarrek ondo erabili dute baloia, eta eroso iritsi dira Elxen zelaira. Ez batak ez besteak ez dute gol aukera askorik sortu. Lehendabiziko aukera etxeko taldeak izan du, baina orpoz egindako erremate bikaina gutxigatik kanpora joan da.

Hurrengo jokaldian, 22. minutuan Luis Riojak zutoinera bota du baloia. Norgehiagoka bide onetik zihoan, eta, atsedenaldira joateko minutu gutxi falta zirenean, Alavesek 0-1koa jarri du markagailuan. Luis Riojak jokaldi paregabea egin du area barruan, eta atzealdera egindako pasea Joseluk bikain errematatu du sareetara.

Talde arabarrak kontrolpean izan du norgehiagoka, eta Elx pixkanaka itzaliz joan da

Bide erdia egina zegoen. Dena den, oraindik orain bigarren zati osoa aurretik zegoen. Baina gauzak nolakoak diren, bigarren zatia hasi bezain pronto, Joseluk eskuin hegaletik jokaldia egin du eta egindako erdiraketa Luis Riojak errematatu du, sareetara bidaliz. Aurrerapauso galanta. Dena alde zegoen, eta bakar bakarrik nola edo hala markagailuari eustea gelditzen zen.

Halere, etxeko taldeak zirt edo zart egin behar zuen eta aurrera jo du. Gola egiteko aukera paregabea izan du baina, nola ez, Pacheco agertu da. Geldiketa bikaina egin du, eta markagailua ez da mugitu. Minutuak joan ahala, talde arabarrak kontrolpean izan du norgehiagoka, eta Elx pixkanaka itzaliz joan da.

Asko sufritu gabe epaileak bukaera adierazi du. Mailari eusteko urrats handia eman du Alavesek. Hurrengo lehia datorren igandean, maiatzaren 16an, 18:30ean Mendizorrotzan izango da Granadaren aurka. Irabaziz gero, Ligako azken partida denbora pasa izango da, Sevillaren aurka.

Hamaikakoak

  • Eltx: Gazzaniga; Palacios, Diego Gonzalez, Dani Calvo, Josema (57’. Piatti); Marcone (79’. Nino), Mfulu (57’. Víctor Rodriguez), Fidel, Josan (57’. Pere Milla); Lucas Boye, Carrillo.
    • Txartel horiak: 13’. Mfulu, 92’. Gazzaniga.
  • Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Lejeune, Ruben Duarte; Pere Pons (83’. Ximo Navarro), Tomas Pina, Manu Garcia, Edgar Mendez (78’. Jota Peleteiro), Luis Rioja (78’. Pellistri); Joselu (91’. Deyverson).
    • Txartel horiak: 2’. Edgar Mendez, 67’. Tachi, 66’. Alberto Rodriguez, 85’. Tomas Pina.

Golak

  • 0-1: 40’. Joselu
  • 0-2: 54’. Luis Rioja

Martinez Valero futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Epaileak ez du inongo arazorik izan lehia behar bezala zuzentzeko. Ez dira gorabehera askorik izan partidan zehar, VAR ez dute erabili. Alavesek elastiko beltza erabili du emaitzarekin kolorea jartzeko. Partidaren bukaeran jokalarien arteko liskar txiki batzuk gertatu dira Deyversonek bere burua lurrera bota duelako, besterik gabe. Dena den, ezerezean gelditu dira.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Aspaldiko partez tabernetan hamarrak arte. Ez gaude ohituta. Horrexegatik jende gutxi dago. Beno, gaur bai, bai ala bai.
  • Ea bokata gustura jaten dugun eta, nola ez ardoa Arabar Errioxakoa. Gainera gaur Luis Rioja hasierako hamaikakoan izango da.
  • Manu Garcia ere aspaldiko partez hamaikakoan. Kapitaina beharrezkoa da era honetako partidetan.
  • Itxura oso ona dauka partida honek. Ondo ari da taldea. Oso ondo. Haiek gaizki dabiltza, ez dute gauza handirik egiten. Gainera haiek galduz gero salda bero. Guk irabaziz gero urrats ikaragarria mailari eusteko.
  • Ondo, ondo. Kontuz, kontuz, ufff, eskerrak kanpora joan dela.
  • Inoiz baino gehiago Alaves, zutoinera. Ze pena! Ze pena!
  • Goooooooooooooooooooola, Goooooooooooooooola, Bikaina, bikaina Arabako Errioxa, Luis Rioja ze jokaldia! Hau da hau! Zoragarria eta nola ez hor Joselu, beti bezala gola egiteko. Bagoaz, bagoaz.
  • Bigarren zatian sufritzea tokatuko zaigu. Baina seguru aukeraren bat izango dugula bigarrena egiteko. Elx hilda dago.
  • Gooooooooooooooooooooola, Luis, Luis Rioja. Gola, gola, mailari eusteko gola. Zer nolako jokaldia oraingo honetan Joseluk egin duena eta zer nolako errematea Luis Riojak egin duena. Bikain, bikain.
  • Horixe, horixe egin behar zen. Finala zen eta finala bezala jokatu dute.
  • Oso ondo, oso ondo!
  • Garaipena, garaipena, hiru puntuak eta ametsa gero eta hurbilago.
  • Inoiz baino gehiago Alaves, Alaves.
  • Eta larunbat honetan 20 urte UEFAko finala jokatu genuenetik. Une zoragarriak denon buruetan daudenak.
  • Eutsi goiari Alaves.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide