Talde gasteiztarrak bi egun besterik ez ditu behar izan Vildozak taldea uzten zuela iragarri eta ordezkoa aurkitzeko. Quino Colom Andorrako joko-antolatzailea izango da bere ordezkoa denboraldi bukaerara arte. Jokalari beteranoa Belgradoko Izar Gorritik iritsiko da Gasteizera eta ACB ligako talde ugaritan esperientzia zabala dauka: Zaragoza, Fuenlabrada, Estudiantes, Bilbao Basket eta Valentzia. Espainiako selekzioarekin munduko txapelduna izan zen 2019an gainera. Eskarmentua eta kalitatea uztartzen ditu Colomek, baina aurten denboraldi gora-beheratsua izan du eta Belgradon egon aurretik, Valentzian ekin zion denboraldiari. Argi dago ordezko egokia bilatzea zaila dela, eta are gehiago horren epe motzean gauzatu ahal izateko.
Argi dago Henryk hartuko duela taldearen ia erabateko agindua, eta seguruenik Colomek ez du deskantsu minutu batzuk eskaintzea beste ardurarik izango. Nahikoa lan izango du denboraldi bukaeran taldearen erritmora egokitzen.
Vildozaren agur gazi-gozoa
Argentinarraren balizko irteeraren inguruko zurrumurruak gero eta ohiartzun zabalagoa hartzen hasiak ziren azken asteetan, eta asteartean baieztatu zen jokalari gazteak New Yorkeko Knics taldearekin kontratua sinatu berri zuela.
Antolatzaile argentinarraren irteerak min eman dio taldearen egiturari eta hanka-motz utzi du jokoaren zuzendaritza lana. Halere, Baskonia talde saltzailea da. Esperientzia gabeko jokalari gazteak Gasteizera ekarri eta nabarmentzen hasten direnean erakuslehioan salgai jartzera ohituta dagoena.
Baskoniak talde handiekin lehian aritu ahal izateko ezinbesteko estrategia dauka honakoa, eta oraingoan behintzat Vildoza 'lapurtu' izanaren ordainean 2 milioi dollar jasoko ditu Kerexetaren taldeak. Jokalari berriei ongi etorria egiteko lanetan hasiak izango dira onezkero Zurbaoko bulegoetan.