Diputazioak hiru bizikleta elektriko erosi ditu

Erredakzioa 2021eko maiatzaren 7a

Hiru bizikletak BH markakoak dira. AFA

Erakundearen ibilgailuen flota berritzean "ingurumen jasangarritasunerako irizpideak" kontuan hartu nahi dituztela dio Cristina Gonzalezek. 

Hemendik aurrera Diputazioko langileek hiru bizikleta elektriko izango dituzte eskura, nahi izanez gero, euren jardunari lotutako joan-etorrietan erabili ahal izateko, erakundeak gaur jakinarazi duenez. 

Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko foru diputatu Cristina Gonzalezek dio "ingurumen jasangarritasuneko irizpideak" sartu nahi dituztela ibilgailuen flota berritzean, eta, horregatik, bizikleta elektriko horiek aukeratu dituzte. BH markakoak direla ere erantsi du. 

Horrez gain, foru diputatuak aurreratu du etorkizunean auto elektriko berriak erosiko dituztela. Auto horiek "0 isuri" ingurumen bereizgarria izango dute. Horrekin batera, instituzioaren kargagailu sarea handituko dutela azaldu du. 46.200 euro bideratuko dituzte horretarako. 

Dioenez, Diputazioko langileen erantzunaren arabera erabakiko dute datorren urtean bizikleta gehiago erosi ala ez. Langileek BAT txartelak ere badituztela gogorarazi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago