Euskara-gaztelania edota Espainia-Euskadi parekotasunak aurkitzea ez da zaila, eta askotan, ikasteko edo ikusteko baliagarriak izaten dira. Badugu, adibidez, gaztelerazko ver la paja en ojo ajeno y no la viga en el propio esamolderako ordaina: besteren bartzak ikusten, eta bere zorriak ez. Eta nago, hori dela akaso gurean Euneiz unibertsitate pribatuarekin gertatzen dena.
Unibertsitate pribatuak irekitzeko joera moda-modakoa da Espainiako Estatuan. Hala, 1990ean lau izatetik 34 izatera pasatu gara, eta bitarte horretan, zortzi dira bakarrik ireki diren campus publikoak. Zifra horiek nabarmendu egiten dute jada pribatutasunaren alde desorekatuta dagoen Unibertsitate Sistema daukagula, eta, Gasteizko kirol elkarte nagusienetako bi –Saski Baskonia eta Deportivo Alaves– sustatzaile dituen proiektu honek oreka falta hori areagotu besterik ez du egingo.
Asko dira Euneiz proiektuaren kontrako argudioak. Hasteko, titulazioak bikoiztera eta, kasu batzuetan, hirukoiztera datorren proiektua da. Lanbideren datuek ere egungo eskaintzak lan-merkatuaren eskaera asetzen duela adierazten dute. Bestalde, Unibasq agentziaren kontrako txostena jaso zuen ekimena da. Unibertsitate pribatu berri honen ikerketa ibilbidearen, giza- eta material-baliabideen edota euskaraz ikasteko aukeraren inguruan galderak besterik ez daude. Gainera, egun unibertsitate izateko funtsezko baldintzak betetzen ez dituzten bi zentro atxikiri (Euses eta Enti-Ub) berriz atxikituriko egitasmoa da. Bada… nola beteko ditu Euneizek orduan unibertsitate izateko baldintzak? Legebiltzarrera iritsi den lege-egitasmoak etorkizun batean beteko diren konpromiso ugari jasotzen ditu. Urrutiko gauza, bideak jan, dio esaerak.
Euskal jendarteak kalitatezko Unibertsitate Publikoa merezi du; gizarte inklusioa, aukera berdintasuna eta gizartera begira jarritako ikerkuntza eta garapena bermatzen dituena behar du. Denontzako goi mailako hezkuntza da babestu behar dena, ez errentagatik, ez beste inolako arrazoiengatik, inor diskriminatuko ez duen Hezkuntza, alegia. Alta, nekez beteko ditu horiek guztiak negozioa egitera datorren unibertsitate pribatu berri honek, Unibertsitate Publikoa baita hori ziurtatu dezakeen bakarra. Horregatik guztiagatik, lerro hauen bidez, proiektu honi ateak ixteko eskatu nahi diet legebiltzarkide eta alderdi politikoei gaurkoan, beraiek baitaukate horretarako giltza, eta kantatuz esango diet: txispa batek sortzen du sugarra, izan berezi, berezi denak merezi...