'The Crown' ere euskaraz

Anakoz Amenabar 2021ko mai. 8a, 08:00

Netflix da merkatu kuotarik handiena duena, eta horrekin abiatu dute euskarazko edukien aldeko kanpaina; irudian, 'The Crown'. / Netflix

Ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin sortu dute Netflix Euskaraz taldea; dagoeneko, 12.300 lagunen babesa jaso du 'change.org' plataforman.

Ordainpeko telebista plataformen harpidetzak %40 hasi dira azken bost urteotan. Euskaldunen hamarretik seik dute halako plataformaren bat, eta horien artean Netflix da gehien kontsumitzen dena. Horretan, baina, ez dago euskarazko edukirik, eta eskaintza egin dezan eskatzeko osatu dute Netflix Euskaraz taldea. Patxo Larrinoak azaldu du abian jarri duten lana Alea FM saioan; besteak beste, dagoeneko 12.300 lagun batu dituen sinadura bilketa. 

Kezka berak elkartuta osatu zuten Netflix Euskaraz taldea Bizkaiko lagun talde batek, eta poliki-poliki hamaika lagunen babesa lortu dute, ikus-entzunezko sektoreko eta euskalgintzako lagunak tartean. "Datu batzuk kezkatzeko modukoak dira. Zenbat kontsumitzen dugun eta euskarak zer tarte txiki duen plataforma hauetan. Egoera larriari aurre egiteko tresna egokiak behar ditugu", azaldu du Larrinoak. Eta horiek bi multzotan banatu dituzte: legeari dagozkionak eta egiturazkoak. 

Hain justu, Madrilen ikus-entzunezko lege orokorra tramitatzen ari direla gogoratu du Larrinoak, eta momentua ikusi dute hori jorratzeko: "Oso garrantzitsua da. Lege horrek hizkuntza aniztasuna jasoko balu, modu zehatz batean kuota batzuk ezarrita adibidez, ona litzateke guretzat ere".

Egiturari dagokionez, berriz, Kataluniako ikus-entzunezkoen kontseilua jarri du adibide. 70 profesional daude horretan, eta bultzada nabarmena eman diote hainbat eskakizuni. Plataformei egindako presioaren adibidea ere bada Islandia, 356.000 biztanlerekin: "Eta bertan plataformetako edukiak islandieraz jartzen dituzte. Badakigu Islandiak guk ez ditugun eskumen eta tresnak dituela, baina hiztun gehiago gara. Zergatik ez da posible izango guretzat? Presio handia egin dute". 

Talde zabalago bat

Netflix aukeratu badute ere, ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia handitzea da helburua. "Gure esparrua Netflix da nonbaitetik hasi behar dugulako, eta ikusiena delako, baina hemendik aurrera talde handiago bat sortzeko asmoa dugu". Ikus-entzun eta euskalgintzako sektoreak batzea izango da horretan xedea, elkarrekin indar handiagoa egiteko asmoz. Horretara batu daitezke, baita ere, Disney+ Euskaraz taldeko lagunak; haur euskaldunen eskubideak "bermatuak" izan daitezen eskatu diete enpresa eta agintari politikoei. 

Bien bitartean, babesak change.org plataformaren bitartez antolatutako sinadura bilketan ari dira jasotzen. Diasporako lagunek ere bat egin dute eskaerarekin, Larrinoak gogoratu moduan, eta 12.300 lortu dituzte dagoeneko. Abendura bitartean izango da horretarako aukera. Euskararen Egunean, abenduaren 3an, aurkeztuko dituzte atxikimenduak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago