Udaberriro bezala, C1 azterketa berehala loratuko da hizkuntza-eskakizunen lorategian; eta lore ponposoena, idazlana. Niretzako idazlana idaztea mus partida baten antzekoa zen: "Euskara idatziari enbidoa bota diot: aurten bai!!!".
Urtero, neure buruari esaten ohi diot esaldi ponposo hau.
Urtero, hauxe izaten da nire jokaldirik onena.
Baina nire kontrakoa, urterokoa da, eta ederki asko daki horrek nola irabazi dema hau.
Berehala bere hordagoa bota dit: Idazlana!!!
Hau da zorte petrala... nire bernak (urtero bezala) dardaka hasi dira, begiak (urtero bezala) samintzen zaizkit, eta neure burua (urtero bezala) alferkeriaz kutsatzen da... Baina aurten lau errege gordeta ditut nire sakelean:
Lehen erregea. Ezpatak. Aurten idazlanei, hortzak erakutsiko dizkiet, ez didatela beldurrik ematen kontura daitezen.
Argi daukat: euskaraz idazten ikasteko, idatzi egin behar dut…
Atxaga jauna, zure behi famatua erreta jango dut, nik idatzitako idazlanen paperaz egindako txingarekin.
Bigarren erregea. Bastoak. Aurten egunero idazlan bat idatziko dut gutxienez, edozein gaiari buruzko idazlana, amodiozkoa nahiz abenturazkoa, dibertigarria nahiz aspergarria. Euskaraz irakurtzen ere hasiko naiz. Neure burua gaiez mozkortu behar dut...
Atxagaren behia erretzeko paper asko beharko dut eta.
Hirugarren erregea. Urrea. Hau lortuz gero, nire euskara oso aberats bihurtuko da...
Orduan, Atxagaren haserrea baretuko dut, bere mahai gainean negozio bat jarriz: behiak haztea.
Laugarren erregea. Kopak. Hau poza, nire amets guztiak beteak: edozein idazki mota idazteko gai izango naiz, Eusko Jaurlaritzako langileak liluraturik geratuko dira nire kexa-idatziak irakurtzean. Agian Euskaltzaindiakoek deituko naute nire gomendioak arau bihurtzeko... eta behien negozioa gaizki joanez gero, idazle berria sortuko da Euskal Herrian, irakurleek Atxaga eta bere behia ahaztu dezaten.
Hauek dira patrikan gordeta ditudan erregeak.
Jokoa hasi da.
Nik enbidoa jo berri dut, nire jolaskideak bere hordagoa bota dit.
Nire aukera da; erregeak atera behar ditut patrikatik, baina ni ziria sartzen oso txarra naiz.
Akabo, hurrengo baterako utziko ditut prest nituen erregeak.
Testu hau orain dela 26 urte idatzi nuen EGA ariketa zela eta, eta oraindik erregeak patrikan gordeak ditut; titulurik ez, baina ideia argi atera dut testu hau berreskuratzerakoan: Gora Errepublika!