Iaz ezinezkoa izan zen, baina 2021ean bueltan da Geoloeguna. Espainiako Geologia Elkarteak koordinatutako ekimena da, baina tokian tokiko erakundeek parte hartzen dute. Arabaren kasuan, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea eta IGI Ingurugiro Gaietarako Ikastegia aritu dira antolatzaile lanetan.
Proposamena gertueneko aldi geologikora jauzi egitea da, hots, Kuaternariora. Duela 2,8 milioi urte inguru hasi zen denbora tarte hori. Batzuek Antropozenoa izeneko aldi berri batean gaudelako ideia mantentzen badute ere, oraindik ere modu ofizialean Kuaternarioan bizi gara.
Aurten, Gasteiz inguruan garai horretan pilatutako sedimentuak aztertuko dituzte, eta, horretarako, bost geldialdiz osatutako txangoa egingo dute larunbatean, maiatzaren 8an.
Gasteiztarrek zapaltzen duten zoruaren azpian dagoen akuiferoan jarriko dute arreta. Erromatarren garaietatik ustiatutako eremua da, baina XX. mendearen erdialdean egindako lurzatien biltze prozesuak eta nekazaritza intentsiboak lurraldea guztiz aldatu zuten.
"Jende askok uste du akuiferoak lurpean dauden ibaiak direla, baina hau ez da errealitatea", azaldu du antolaketa lanetan dabilen Luis Egiluz EHUko geologoak. "Funtsean, akuifero bat urez beteriko belaki baten antzekoa da. Horrelakoa da Gasteizkoa: euritik eta inguruan dituen ibaietatik jasotzen du ura, baina gehienbat hareez eta legarrez osatuta dago".
Punturik sakonenean hamalau metroko sakonera besterik ez du, baina, modu berean, oso zabala da. Horregatik, aspalditik nekazariek erabili izan dute. "Duela zortzi urtera arte, Gasteiz inguruetako herrietan putzuak ikusten ziren, ur horretara iristeko. Orain, ureztatze sistema martxan dagoenez, debekatuta dago". Baina ura bertan mantentzen da. "Horregatik, adibidez, Arkaiate edo Salburuko zenbait garajetan xukatzeko ponpak erabili behar dituzte, urak hartu ez ditzan".