Iruña-Veleia

Eliseo Gilen diru-zigorra ordaintzen laguntzeko elkartasun kanpaina abiatu dute

Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 13:00
Espetxe zigorraz gain, Eliseo Gilek 15.000 euro inguru ordaindu behar ditu. / ALEA

Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohiari grafitoak faltsutzeagatik ezarritako 15.000 euroko diru-zigorra ordaintzen laguntzeko, hainbat eragilek elkartasun ekonomikorako kanpaina bat jarri dute martxan.

2020an, Gasteizko zigor arloko epaitegiak grafitoak faltsutzearen erruduntzat jo zuen Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari ohi Eliseo Gil Zubillaga. Epaileak bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion, eta, horrez gain, hainbat diru-zigor ere ezarri zizkion arkeologoari; guztira, 15.000 euro inguru ordaindu beharko ditu. Une honetan, Eliseo Gilek aurkeztutako babes helegitea aztertzen ari da Konstituzio Auzitegia.

SOS Iruña-Veleia, Iruña-Veleia Martxan eta Martin Ttipia elkarteek isun horiek "bidegabeak" direla salatu dute. Gainera, azaldu dutenez, duela gutxi diru-zigorra berehala ordaindu behar duela ohartarazten dion autoa jaso du Eliseo Gilek.

Sententzia "guztiz bidegabea" izan dela uste dute kanpainaren sustatzaileek, "epaiketan ez baitzen frogatu grafito bakar baten faltsutasuna ere, eta, ondorioz, are gutxiago Eliseo Gilen autoretza". Gainera, auzia "gure kultura ondarearen zein pertsona batzuen kontrako bidegabekeria" izan dela salatu dute, euren ustez, zigortutako kideen "delitu bakarra aurkikuntza harrigarri bat egitea" izan delako.

Beraz, hiru elkarteek elkartasun ekonomikorako kanpaina jarri dute martxan. Horretarako, kontu korronte bat aktibatu dute Laboral Kutxan: ES0330350056430561220095 (Unzalu-Fontanedaren izenean). Bilketaren bilakaeraren berri emango dute hiru webgunetan: Ama Ata, Iruña-Veleia Martxan eta Iruña-Veleia, gezurra ala egia.

Ohartarazi dutenez, Eliseo Gilen egoera ekonomikoa "larria" da, eta dei egin diote "gaiarekin sentibera den pertsona orori elkartasuna erakutsi diezaion eta bere ekarpentxoa egin dezan diru-zigorra ordaindu ahal izateko". Ekarpena egin nahi duten pertsonei dirua "lehenbailehen nahi duten kopurua" sartzeko eskatu diete.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide