Eibar 3 - 0 Alaves

Zaplaztekoa piztutako ilusioei

Ibon Gorrisi 2021ko mai. 2a, 20:00
Argazkia: LA LIGA

Eibarrek aise irabazi dio derbia Alavesi, Kike Garciak egindako hiru golei esker.

Eibar

3

Alaves

0

Alavesek azken bolada honetako partidarik txarrena egin du. Markagailuak argi eta garbi adierazten du talde armagina izan dela nagusi. Urtarriletik ez zuen partidarik irabazten Eibarrek eta, boladari amaiera ematea lortzeaz gain, mailari eusteko helburua bizirik mantentzea lortu du. Talde arabarrak atzerapausoa eman du, baina emaitzek pitin bat laguntzen badiote jaitsiera postuetatik kanpo jarraituko du.

Alavesek atzerapausoa eman du, baina emaitzek pitin bat laguntzen badiote jaitsiera postuetatik kanpo jarraituko du

Neurketa hasi bezain pronto, etxeko taldeak gogor ekin dio lehiari. Hirugarren minuturako presioaren fruitua jaso du. Izan ere, area inguruan baloia buruz joan zaio Kikeri, eta honek bularrez kontrolatu ondoren eskuinez errematatu du sarera. Hasiera bikaina, eta Javi Callejak zuzendariko taldea erabat lo zelairatu da. Lehen zati honetan talde gipuzkoarraren nagusitasuna erabatekoa izan da. Aldea handitzeko abaguneak izan ditu. Bryan Gilek, Edu Expositok edota Kike Garciak gol aukerak izan dituzte, baina ez dute baloia Pachecoren ate barrura bidaltzea lortu.

Bigarren zatia hastearekin batera, etxeko taldeak partidako bigarren gola egin du. Kike Garciak, berriz ere, ondo baino hobeto baliatu du Edu Expositoren erdiraketa, eta hanka puntarekin Pacheco gainditzea lortu du. Neurketa bide oso txarretik zihoala ikusirik, Callejak aldaketak egin ditu hamaikakoan: Pere Pons eta Luis Rioja zelairatu ditu Pinaren eta Edgar Mendezen ordez. Halere, jokatzeko era ez da batere aldatu, eta gol aukerarik sortu gabe jarraitu du. Beste garaietako mamuak agertzen hasiak dira.

Lau jardunaldi geratzen dira eta Alavesek bere aldeko egutegia du

Aldaketak aldaketa, Eibarren nagusitasunak bere horretan jarraitu du. Hori gutxi balitz, berriz ere, Kike Garciak gola egin du, hirugarrena. Talde armaginako jokalari batek Lehen Mailan sartzen duen aurreneko hat-trick-a. Hau da hau marka! Gauzak horrela, norgehiagokak ez du gehiagorako eman. Azken txanpa erritmo gabekoa izan da, eta Alaveseko jokalariak erabat etsita agertu dira.

Momentuz, egoerak bere horretan jarraitzen du. Lau jardunaldi geratzen dira eta taldeak bere aldeko egutegia du. Halere, hurrengo neurketa bai ala bai irabazi beharra dago. Mendizorrotzan izango da Levanteren aurka, maiatzaren 8an, 14:00etan. Puntuak pilatu behar dira Levante, Eltx eta Granadaren aurka. Ea posible izaten den ahalik eta lasterren mailari eustea.

Hamaikakoak

  • Eibar: Dmitrovic; Correa (86’. Sergio Alvarez), Oliveira, Arbilla, Cote (54’. Soares); Bryan Gil (82’. Inui), Diop, Atienza, Edu Exposito; Sergi Enrich, Kike García (82’. Muto)
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Martin; Jota Peleteiro (63’. Borja Sainz), Battaglia, Tomas Pina (56’. Pere Pons), Edgar Mendez (56’. Luis Rioja); Joselu (80’. Deyverson), Lucas Perez (63’. Guidetti).
    • Txartel horiak: 44’. Tomás Pina, 57’. Battaglia

Golak

  • 1-0:   3’. Kike Garcia
  • 2-0: 50’. Kike Garcia
  • 3:0: 59’. Kike Garcia

Ipurua futbol zelaiko harmailak:

Ohi bezala, ikuslerik ez. Lau jardunaldi falta dira baina ikusi eta entzundakoaren arabera ez dirudi denboraldi honetan zaleek sartzeko aukera izango dutenik. Alavesek bigarren elastikoarekin, zurigorriarekin jokatu du. Epaileak VAR erabili du Eibarrek egindako lehen golean eta jokaldia berrikusi ondoren balekoa eman du. Talde armaginak ez du txartel horirik ikusi.

Alde Zaharreko terrazetatik partidari begira

  • Eguraldia kaxka, tarteka euria, tarteka argi izpiak. Halere, Alde Zaharreko ia-ia terraza guztiak beteta. Ezin lekurik hartu partida ikusi ahal izateko.
  • Gaur aukera paregabea daukagu behingoz jaitsiera postuetatik alde egiteko. Gainera Eibar aurkari zuzena da. Pena, egia esanda, Ondo legoke Eibar Lehen Mailan jarraitzea Alavesekin batera.
  • Halere, etxeko taldea gaur galduz gero, agur Lehen Mailari.
  • Hamaikakoan aldaketarik ez. Callejak betikoak zelairatu ditu. Ikusiko dugu maila ematen duten!
  • Goooool, Eibarren gola. Hori da hori lotan sartzea partidan. Erabat lo.
  • Nola liteke, nola liteke, jokoan dagoenarekin hain lo hastea partida.
  • Ufff, taldea ez dabil. Betikoa. Jokorik ez, presiotik ezin atera. Eibarren kontrako partidak oso gogorrak dira. Borroka itzela egin behar da baloia eskuratzeko.
  • Momentuz taldea erabat galduta. Lotan, lotan daude. Eibar dena ematen ari da.
  • Ufff, Atsedenaldia. Eskerrak, gol bat bakarrik egin dutela. Gehiago merezi izan dute. Alavesek, oker ez bagaude, jaurtiketa bakarra egin du. Betikoa.
  • Goooool, Goooola! Kike Garciak bigarrena! Akabo fandango. Taldea ikusita gaur galtzea tokatuko zaigu. Hauek komeriak, berriz ere, garai bateko partida kaxkarra, txarra…
  • Gooooola, hirugarrena. Nola ez, Kike Garciak. Agur, partida honi.
  • Gaizki, oso gaizki.
  • Beno, bada, sufritzea tokatuko zaigu. Taldea erabat desitxuratuta dago. Erabat. Ea epaileak bukaera ahalik eta lasterren adierazten duen!
  • Bukatu da, bukatu da, akabo. Beno, onean Eibarrek aukerak dituela oraindik orain mailari eusteko.
  • Alavesek hurrengoa irabazi behar du, bai ala bai, Levanteren aurka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide