Nefer Olaizolaren "gela", Artgian

Erredakzioa 2021ko api. 29a, 18:26
'Leihoak inarrosten' instalazioa aurkeztu du Nefer Olaizolak. / Artgia

Emart 2021 deialdiko bigarren erakusketa da 'Leihoak inarrosten'

Ez zen batere erraza izan emakumeek luma hartu eta idazten hastea, ezta beren artea ezagutaraztea ere. Zergatik da sexu bat hain oparoa kulturan, eta ez, ordea, bestea? Zer baldintza bete behar dira emakume baten artelana aurrera ateratzeko? Virginia Woolfen Gela bat norberarentzat abiapuntu, hausnarketa horiek aurkeztu nahi izan ditu Nefer Olaizolak Artgia sorgunean antolatu duen Leihoa inarrosten instalazioarekin. 

Animazio eta collage tekniken bidez sortu duen bideokreazio pieza bat ikus daiteke Artgian, hain zuzen ere Olaizolak XX. mende hasierako etxe ingurune bihurtu duen galerian. Halaber, audioak indar berezia du erakusketan, Virginia Woolfen saiakeran azaltzen diren hitz eta kezka berrantolatuak oinarri. " Leihoa inarrosten titulua justifikatzen duen efektu emozional eta asaldatzailea sortzen eta birsortzen duen erakusketa bat topatuko duzue", azaldu dute galeriatik.

Emart 2021

Nefer Olaizolaren lana Emart 2021-eko bigarren erakusketako parte da; 2018an sortu zen Emart, Arabako artisten ikusgarritasunera eta laguntzara bideratutako programa. Artea sorgune & Aretoa galeriak urtero antolatzen duen deialdi bati esker, emakumeen jarduera profesionalaren ibilbidea eta aurrerapena berretsi nahi dute. Alejandra Bueno (Gasteiz, 1987), Nefer Olaizola (Gasteiz, 1995), Carolina Mattos (Buenos Aires, 1988) eta Xialú Zurutuza (Hefei Anhuri, Txina, 1997) izan dira euren lanak ekoitzi eta erakusteko aukeratu dituzten sortzaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide