Agustin Azkarateri eman diote Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Erredakzioa 2021ko api. 29a, 13:39
Agustin Azkaratek diziplina arteko lana sustatu duela azpimarratu du epaimahaiak. / ALEA

EHUko Arabako Campusean diharduen arkeologoak jasoko du aurtengo edizioko merezimendua. Haren "bikaintasun zientifikoa" nabarmendu du epaimahaiak.

Agustin Azkarate arkeologoak jasoko du 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. Adituaren ekarpenak "dimentsio humanistiko, kultural, artistiko eta sozial nabarmena" duela azpimarratu du epaimahaiak. Hala, arlo akademikoan soilik ez baizik eremu horretatik kanpo izandako eragina goraipatu dute, unibertsitatetik gizarterako zubi lana eginez. Lan horren adibidetzat jo dute Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko plana. "Hogei urtetik gora iraun zuen Obretan eta irekita izeneko programa eredugarriak nazioarteko zabalpena eman zien tenplu gotiko handiaren indusketa arkeologikoko eta zaharberritze historiko eta artistikoko lanei".

Haren ibilbidean zehar hainbat diziplina landu ditu, "guztiak bikaintasun maila handiarekin", eta, filosofia bera jarraituta, ezagutzaren arlo desberdinetan lanean ari diren adituez osatutako lantaldeak gidatu ditu, "maila zientifiko handiko ikerketa taldeak osatuz". Horietan, ikertzaile gazte askok "bikaintasun zientifikoko prestakuntza" jaso dutela ere aipatu dute sariketen antolatzaileek. Bestetik, unibertsitatea "erakunde publiko eta pribatuekin lotzeko gogoa" ere kontutan hartu diote merezimendua aitortzerakoan.

Arkeologia eta kultur ondarearen alorrean trebatuta dago Azkarate, eta GPAC Eraikitako Ondarearen Ikerketa taldea eta Kultur Paisaiak eta Ondarearen Unesco Katedra zuzentzen ditu. Baina jardun profesionalean diziplina asko bere gain hartu ditu. Arabako ALEAri emandako elkarrizketa batean aitortu zuenez, ez du bere burua arkeologotzat hartzen, "ezagutzaren alorreko langiletzat" baizik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide