Koronabirusa

Araba eta Gasteiz eremu gorritik kanpo, oraingoz

Erredakzioa 2021ko api. 29a, 12:45

Gasteiz, inguruko mendietatik ikusita. / Argazkia: elhumayor (Wikiloc)

Intzidentzia tasa metatua 400 kasuetatik jaitsi da eta eremu gorritik kanpo daude Araba eta Gasteiz: 397koa da lurraldean eta 398koa hiriburuan. Beheranzko joera mantenduz gero, konfinamendua eta neurri murriztaile bereziak asteartean altxatuko dira.

Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aiara, Bastida eta Eltziego eremu gorriko udalerrien zerrendan mantenduko dira datorren asteartera arte, gutxienez. Hala ere, intzidentzia 400 kasuetatik jaitsi da Araban, eta baita hiriburuan ere. Beheranzko joera mantentzen bada, maiatzaren 3ko udalerrien ebazpenetik kanpo egongo dira, eta asteartean konfinamendua eta neurri murriztaileak altxatuko lirateke bertan.

0,90eko birsorkuntza tasarekin, birusak atzera egiteko fasean jarraitzen du Araban; Bizkaian zein Gipuzkoan baino egoera hobea du gure lurraldeak, gero eta hobea, gainera.

Arabako intzidentzia tasa metatuak behera egiten jarraitu du: azken 24 orduetan 70 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 397koa da une honetan, 400 kasuen azpitik jada. Gasteizen ere, antzeko bilakaera izan du intzidentzia tasak: joan den ostiralean 456koa zen, eta une honetan 398koa da; hau da, egun gutxitan 58 puntu jaitsi da. Azken 24 orduetan, 53 positibo berri atzeman dira hiriburuan.

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, ordea, Amurrion (532) eta Laudion (615) egoera okertu da berriz ere. Agurain (93) eremu horian mantentzen da, eta oraingoz ez dirudi egoerak okerrera egingo duenik.

Bestalde, une honetan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko hiru udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Aiara (1.105), Bastida (1.409) eta Eltziego (1.062).

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Neurri murriztaileak

Araba eremu gorriko laugarren astearen amaierara iristen ari da, eta baliteke azkena izatea. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak gutxienez asteartera arte mantenduko dira: lurraldearen konfinamendu perimetrala mantenduko da Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion eta eremu gorriko beste udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena maiatzaren 3an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, asteazken honetan 11.986 test diagnostiko egin ziren; horietatik 876 positiboak izan ziren (%7,3).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,90ekoa da Araban, eta 0,97koa EAEn. Beraz, birusa atzera egiteko fasean dago EAEn, eta bereziki Araban, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gutxiago kutsatzen ari delako.

Ospitaleen egoera eta hildakoak

EAEko ospitaleei dagokionez, egoera txarra da eta presio asistentziala handia, baina egoera egonkortzen ari dela dirudi. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 83 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
  • 527 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 192 paziente ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 719 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaleetan Covid-19aren ondorioz.
  • Apirilaren 19tik 25era bitartean, 49 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
  • Guztira, 4.187 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.

Egoera horren ondorioz, Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgia guztiak atzeratu egin ditu bere ospitale sare osoan, gutxienez bi astez. Ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez dira egingo. Izan ere, une honetan, ZIUetan irekita dauden 363 oheen %53 Covid-19a duten pazienteek okupatzen dituzte.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago