Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan, aldaketa aldarri

Erredakzioa 2021ko api. 30a, 08:30
Iazko Maiatzaren Leheneko irudi bat. ALEA

Arabako hiriburuan izango dira mobilizazio nagusiak, goizean. EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi du maiatzaren 1eko ekitaldiek mugikortasunari ezarritako murrizketak bete beharko dituztela.

Ekinaldi desberdinak antolatu ditu aurtengo Langileen Nazioarteko Egunean sindikatu bakoitzak, eta mezu propioak  landu dituzte Maiatzaren Lehenerako. Aldaketaren beharra nabarmendu nahi izan dute ELAk eta LABek; UGTk eta CCOOk berriz, promesak betetzeko garaia dela aldarrikatuko dute. Guztiek manifestazioak antolatu dituzte, goizean, Arabako hiriburuan.

ELAk Aldaketa garaia da lemapean lan erreformaren indargabetzea eta zerga sistemaren erreforma egitea aldarrikatuko du. Pentsio publikoen alde egiteko eta lan erreforma indargabetzeko garaia dela iritzi dio sindikatuak. Horregatik, kalera ateratzeko deia egin du ELAk: "Aldaketa garaia da, bai, baina jakin badakigu aldaketa horiek egi bihurtzeko presioa egiten jarraitu behar dugula bai kalean, baita lantokietan ere". Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo dituzte mobilizazioak. Gasteizen, 11:00etan da hitzordua, Andre Maria Zuriaren Plazan.

LABek, berriz, Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria! lemarekin eskualdeka egingo ditu mobilizazioak. Araban hiru deialdi ditu: Gasteizen, Bilbo Plazatik, 12:30ean; Laudion, Tubacex-etik 13:00etan; eta Oionen, Herriko Plazatik 12:00etan.

ESK, CGT-LKN eta Eilas sindikatuek ere mobilizazioa egingo dute Arabako hiriburuan. 12:30ean da hitzordua, Europa jauregitik. Eskubideak jokoan ditugu lema aukeratu dute.

UGT eta CCOO, berriz, Orain, betetzeko unea da. Langile klaseari zor diogu lemarekin mobilizatuko dira, 12:00etan Andre Maria Zuriaren Plazatik. 

Itxiera perimetrala

Ostegunean, maiatzaren 1eko ekitaldiek mugikortasunari ezarritako murrizketak bete beharko dituztela berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Ertzaintzako zuzendariak apirilaren 22an emandako ebazpenaren harira. Beraz, udalerriarekiko, lurralde historikoarekiko eta autonomia erkidegoarekiko mugikortasunari dagokionez, Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzea ez da jarduera sindikal gisa aintzat hartuko.

LAB sindikatuak "klasistatzat" jo du ebazpena, eta Euskal Herri osoan antolatu dituen 34 mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten die langileei. Sindikatuaren iritziz, deitzaileei ez dagokie itxiera perimetralaren baldintzak bermatzea eta horrela jakinarazi zion Ertzaintzari idazki baten bidez. Gainera, oroitarazi dute jarduera sindikala badela itxiera perimetral kasuetan aurreikusten den salbuespenetako bat; alegia, lanera joateko itxitako herrietatik atera daitekeen bezala, Maiatzaren Lehenekoa bezalako jarduera sindikaletara joateko ere egin daiteke.

ELAk ere salatu du ebazpena, "gehiegizkoa delako eta manifestaziorako eskubidea urratzen duelako". ELAk Eusko Jaurlaritzaren 2021/16 dekretua argudiatu du bere helegitea defendatzeko. Haren arabera, ekintza sindikalerako egiten diren joan-etorriak baimenduta daude; horien barruan ulertzen du manifestaziorako eskubidea ere.

CCOOk ere helegitea jarri du epaitegietan itxiera horien aurka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide