Hiru Haundiak urriaren 9an itzuliko dira

Erredakzioa 2021ko api. 27a, 14:30
2018ko edizioaren argazki bat. / hiruhaundiak.com

Pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen 2020an, baina Hiru Haundiak mendi lasterketaren XXII. edizioa urriaren 9an itzuliko da Gorbeia, Anboto eta Aizkorrira, segurtasun neurri guztiekin.

Bi urtean behin, mendizaleek hitzordu garrantzitsua dute Manuel Iradier Txangolari Elkarteak 1987tik antolatzen duen Hiru Haundiak mendi lasterketarekin. 2020ko urriaren 17an egitekoa zen edizioa bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz, baina dagoeneko ofiziala da: 2021ko urriaren 9an itzuliko da Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendietako tontorretara.

Lasterketaren sustatzaileek iragarri dutenez, aire zabaleko kirol ekitaldi bat antolatzeko beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte: irteera mailakatua izango da, lasterketan distantzia soziala bermatuko da eta jende pilaketak sortzen diren puntuetan maskara erabili beharko da, besteak beste.

XXII. edizioaren data berria hurbildu ahala, antolatzaileek lasterketaren xehetasun gehiago ezagutaraziko dituzte. Gainera, maiatzaren 10ean izena emateko prozeduraren inguruko informazioa plazaratuko dute. Izan ere, 2020ko zerrendak mantenduko dira, baina bajak egonez gero, itxaron-zerrendetako jende gehiagok eman ahalko du izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide