Koronabirusa

Araba, Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aiara, Bastida eta Eltziego eremu gorrian

Erredakzioa 2021ko api. 26a, 13:30

Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntza guztiak atzeratu egin ditu, gutxienez bi astez. / ALEA

Konfinatuta mantenduko dira Araba, Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aiara eta Bastida, eremu gorrian sartu den Eltziegorekin batera. Intzidentziak behera egiten jarraitzen du, baina ospitaleen egoera okerrera doa, eta Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntzak eten ditu.

Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aiara, Bastida eta Eltziego konfinatuta egongo dira datorren asteartera arte, gutxienez. Hala ere, asteburuan zehar, intzidentzia jaitsi da Araban eta hiriburuan; beheranzko joera mantentzen bada, maiatzaren 3ko udalerrien ebazpenetik kanpo egon litezke. San Prudentzioko astean, ordea, eremu gorrian jarraituko dute.

0,96ko birsorkuntza tasarekin, birusak atzera egiteko fasean jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino egoera hobea du gure lurraldeak.

Joan den astean hasitako bidea mantendu da, eta intzidentzia tasa metatua egonkortu ostean, behera egiten jarraitu du: azken 24 orduetan 75 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 424koa da une honetan; ostiralean baino hamahiru puntu gutxiago.

Gasteizen ere, antzeko bilakaera izan du intzidentzia tasak: ostiralean 456koa zen, eta une honetan 433koa da; hau da, 23 puntu jaitsi da. Azken 24 orduetan, 50 positibo berri atzeman dira hiriburuan.

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, Amurrion (454) egoera egonkortu da azken egunetan, baina Laudion (534tik 572ra) okerrera egin du. Agurain (130) eremu horian mantendu da, eta oraingoz ez dirudiegoerak okerrera egingo duenik.

Bestalde, une honetan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko hiru udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Aiara (898) eta Bastida (1.153) astebete gehiago mantenduko dira eremu gorrian, eta Eltziego (1.062) ere batu zaie. Azken eguneko datuak kontuan hartuta, eremu gorritik irten dira Aramaio (878), Berantevilla (1.603), Guardia (521) eta Zanbrana (1.121).

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Neurri murriztaileak

Horrela, Arabak eremu gorriko laugarren asteari ekin dio, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak mantenduko dira bertan. Oraingoz, beraz, lurraldearen konfinamendu perimetrala mantenduko da Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion eta eremu gorriko beste udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena maiatzaren 3an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 8.824 test diagnostiko egin ziren; horietatik 762 positiboak izan ziren (%8,6).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,96koa da Araban, eta 1,03koa EAEn. Beraz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Araban, ordea, egoera bide hobetik doa, eta birusa atzera egiteko fasean dago, astiro bada ere.

Ospitaleen egoera eta hildakoak

EAEko ospitaleei dagokionez, egoera txarra mantendu da eta presio asistentzialak gora egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 62 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
  • 568 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 192 paziente ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 760 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaleetan Covid-19aren ondorioz.
  • Apirilaren 12tik 18ra bitartean, 32 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
  • Guztira, 4.130 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.

Egoera horren ondorioz, Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgia guztiak atzeratu egin ditu bere ospitale sare osoan, gutxienez bi astez. Ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez dira egingo. Izan ere, une honetan, ZIUetan irekita dauden 363 oheen %53 Covid-19a duten pazienteek okupatzen dituzte.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago