Valencia 1- 1 Alaves

Alavesek bide onean segitzen du

Ibon Gorrisi 2021ko api. 25a, 00:00
Argazkia: D. ALAVES

Alavesek aukera paregabea izan du hiru puntuak batzeko, baina azken unean Valentziak banako berdinketa lortu du.

Valencia

1

Alaves

1

Alavesek bide ezin hobean jarraitzen du. Javi Calleja entrenatzaile berria etorri denetik ez du porrotik izan. Bi garaipen eta bi berdinketei esker zulotik atera da. Jokalariek fedea eta konfiantza berreskuratu dute baita sendotasuna atzealdean eta eraginkortasuna aurrealdean. Valentziaren aurka ezaugarri horiek erakutsi dituzte eta garaipena eskuetan izan dute. Pena, azken unean ezin eustea 0-1ko markagailuari baina taldeak puntuak batzen jarraitzen du helburua lortu ahal izateko. Orain momentuz bere eskutan dago.

Partida bizi-bizia eta oso parekatua izan da hasieratik. Halere, oso gol aukera gutxi sortu dituzte. Talde arabarra azken partidetan jokoaren ekimena izaten saiatzen da. Jokaldiak atzetik lantzen ahalegintzen da. Joko luzea oso gutxitan erabiltzen du. Horri esker taldeak lehen zati honetan Jota Peleteiroren bitartez gola egin du ondo egindako kontraeraso batean. Edonola ere, epaileak VAR kontsultatu ondoren bertan behera utzi du eta jokoz kanpo adierazi du. Jokaldi honek argi eta garbi erakutsi du taldea erabat sartuta zegoela partidan.

Partida joan-etorrian sartu da, baina ez batak ta ez besteak ez dute gauza handirik egin area inguruetan. Honen ondorioz, gol aukera eskasekin 0-0ko berdinketarekin aldageletara joan dira.

Bigarren zatian gauzak ez dira gehiegi aldatu. Oraingo honetan ere epaileak VAR kontsultatu behar izan du Gameiro aurrelariak egindako gola baliogabetzeko. Egia esanda, gutxigatik jokoz kanpo adierazi du Alavesen onerako.

Lehia une erabakigarrietan sartu da eta nekeak eragina izan du bi taldeetan. Halere, Alavesek aldaketak egin ditu eta aurrera egin du garaipenaren bila. Joseluk 67’. minutuan erremate akrobatikoa egin du eta baloia saretara zihoanean atezaina desbideratu du. Gerora Edgar Mendez eta Pere Pons erdilariek aukerak izan dituzte baina ezerezean gelditu dira.

Partida bide onetik zihoan eta 83’. minutuan eta aspaldiko partez Guidettik gola egin du. Azeri zaharrek egiten duten bezalaxe, hor area txikian baloia harrapatu eta saretara bidali du. Hau poza jokalariarena baita Alaves taldeko guztiena. Garaipena hor zegoen. Baina, gutxi falta zela, Valentziak banako berdinketa lortu du Gayáren bitartez. Hau pena! Hiru puntuak hor zeuden. Baina….

Dena den, taldea ilusioz beterik dabil, emaitzak alde, porrotik ez eta dinamika ezin hobea. Hurrengo neurketa, berriz ere, hil ala bizikoa izango da. Derbia izango dugu Ipuruan Eibarren kontra, maiatzak 1, eguerdiko 14:00etan. Ea taldeak bide onean jarraitzen duen!

Hamaikakoa

  • Valentzia: Jaume; Wass, Gabriel, Guillamon, Gaya; Racic, Carlos Soler, Yunus Musah (61’. Cheryshev), Guedes, Gameiro (76’. Manu Vallejo) eta Maxi Gomez.
    • Txartel horiak: 4’. Gaya, 36’. Guillamon, David Rangel (delegatua), 81’. Manu Vallejo, 82’. Carlos Soler.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Martin; Jota Peleteiro (71’. Luis Rioja), Battaglia, Tomas Pina (86’. Manu García), Edgar Mendez (71’. Guidetti); Joselu (86’. Deyverson), Lucas Perez (62’. Pere Pons).
    • Txartel horiak: 48’. Javi Calleja (entrenatzailea).
    • Txartel gorria: 87’ Javi Lopez (ordezkoen aulkian egonik)

Golak

  • 0-1: 83’. Guidetti.
  • 1-1: 88’. Gayá

Mestalla futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Alavesek ohiko elastikoarekin eta prakak zuriekin jokatu du. Epaileak hiru aldiz erabili ditu VAR-a eta hiruretan bertan behera gelditu dira jokaldiak. Ordezkoen aulkietan urduritasuna izan da nagusi. Izan ere, Valentziako delegatuak eta Alaveseko entrenatzaileak txartel horiak ikusi dituzte. Era berean, Javi López ordezkoen aulkian egonik txartel gorria ikusi du.

Alde Zaharreko terrazetatik partidari begira

  • Hau da hau eguraldia! Terraza guztiak hartuta. Eskerrak azken bolada honetan tabernetan telebistak jarri dituztela kalera begira.
  • Seguru garaipena lortuko dugula! Callejak berpiztu du taldea. Ea bide onean jarraitzen duen. Garaipena lortuz gero jaitsiera postuak gero eta urrunago.
  • Hamaikakoan, aldaketa bakarra, ez al da? Bai, ezta? Edgar Mendez Luis Riojaren ordez. Hori ondo dago. Aldaketak egitea horrela jokalari guztiek ikusten dute aukerak izango dituztela.
  • Partida bizi-bizia. Kontuz atzealdean. Sendo aritu behar da golik ez jasotzeko. Badirudi azken boladan Calleja lortzen ari dela. Gol bakarra jaso du hiru partidetan eta hori marka da gero!
  • Ondo, ondo, ondo taldea. Goooooooooooool. Hori da hori kontraerasoa ondo baino hobeto egitea. Jota Peleteiroren gola. Itxoin, itxoin, VAR kontsultatu behar du epaileak. Uffff, hau pena! Jokoz kanpo.
  • Jarraitu behar da. Ondo eutsiz gero aukerak sortzen dira kontraerasora ateratzeko.
  • Oso ondo ari da taldea. Golik gabeko berdinketarekin aldagelara.
  • Orain tartetxoa zerbeza edo zerbait eskatzeko ea bigarren zatian 0-1koa lortzen dugun eta hiru puntuak etxera.
  • Kontuz, kontuz, Gameiroren gola. Berriz ere, VAR. Jokoz kanpo, gutxigatik, baina jokoz kanpo. Hau urduritasuna! Bertan behera. Ondo epailea. Oso ondo.
  • Gooooooooooooooola! Guidetti, Guidetti. Aspaldiko partez. Aukera emanez gero hor duzu gola. Txaloak, merezi duzu!
  • Orain sufritzera, baina ea garaipena lortzen dugun!
  • Oh!, oh!, Gayáren gola. Ze pena, ze pena! Hau pena, hau pena!
  • Bufffff, hiru puntuak poltsikoan zeuden.
  • Beno, bada, puntu bat aurrera jarraitzeko.
  • Hurrengo partida Eibarren kontra. Eguerdiz, on egin!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide