Koronabirusa

Intzidentziaren jaitsiera mantentzen bada, Araba hamar egun barru atera daiteke eremu gorritik

Erredakzioa 2021ko api. 23a, 13:30

Arabako intzidentzia egonkortzen ari den arren, ospitaleen egoera okerrera doa. / ARABA ESI

Bi egunetan, Arabako intzidentzia tasa 448tik 437ra jaitsi da. San Prudentzioko astean eremu gorrian jarraituko du, baina beheranzko joera mantentzen bada, maiatzaren 3ko udalerrien ebazpenetik kanpo egon liteke.

Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aramaio, Aiara, Bastida, Berantevilla, Guardia eta Zanbrana konfinatuta daude asteartetik, eta, gutxienez, asteartera arte. Azken datuen arabera, zaila izango da lurraldearen, hiriburuaren edota Aiaraldeko bi udalerri nagusien egoera astelehenerako hobetzea; egun horretan udalerrien ebazpena argitaratzen du Osasun Sailak.

Oso motel bada ere, birusa atzera egiteko fasean egon daiteke Araban, birsorkuntza tasa 0,99koa delako, baina egoera nahiko blokeatuta izan da azken egunetan.

Joan den astean intzidentzia tasa metatua egonkortu zen, baina astearte honetan berriro igo zen eta sabaia ukitu zuen, azken bi egunetan berriro jaitsi aurretik: azken 24 orduetan 117 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 437koa da une honetan; duela bi egun baino hamaika puntu gutxiago.

Gasteizen ere, antzeko bilakaera izan du intzidentzia tasak: duela bi egun, 468koa zen, eta une honetan 456koa da; hau da, hamabi puntu jaitsi da. Azken 24 orduetan, 88 positibo berri atzeman dira hiriburuan.

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, Amurrion (493tik 454ra) egoera nabarmen hobetu da azken bi egunetan, baina Laudion (463tik 534ra) askoz okerrera egin du. Agurain (112) eremu horian mantendu da eta, gainera, egoera hobetu da; ez dirudi epe motzean egoerak okerrera egingo duenik.

Bestalde, eremu gorrian dauden 5.000 biztanle baino gutxiagoko sei udalerri arabarrei dagokienez, intzidentzia tasa metatua duela bi egun bezalaxe dago: Aramaio (878), Aiara (621), Berantevilla (1.402), Bastida (1.409), Guardia (912) eta Zanbrana (1.345).

Neurri murriztaileak

Araba eremu gorriko hirugarren astearen amaierara iristen ari da, eta laugarrena estreinatuko du astelehenean. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak mantenduko dira oraingoz. Arriskutsua da aurreikuspenak egitea, baina beheranzko joera mantentzen bada, maiatzaren 3ko udalerrien ebazpenetik kanpo egon liteke lurraldea; baita Gasteiz, Amurrio eta Laudio ere, egoera hobetzen bada.

Oraingoz, beraz, lurraldearen konfinamendu perimetrala mantentzen da Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion eta eremu gorriko beste udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 26an, datorren astelehenean eta San Prudentzioko jai egunaren bezperan, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, ostegun honetan 10.907 test diagnostiko egin ziren; horietatik 978 positiboak izan ziren (%9,0).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,99koa da Araban, eta 1,03koa EAEn. Beraz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Araban, ordea, egoera bide hobe batetik doa, eta birusa atzera egiteko fasean dago, astiro bada ere.

Ospitaleen egoera eta hildakoak

EAEko ospitaleei dagokionez, egoera txarra mantendu da eta presio asistentzialak gora egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 114 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
  • 554 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 173 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 727 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
  • Apirilaren 12tik 18ra bitartean, 32 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
  • Guztira, 4.130 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago