Hastear da Laburbira film laburren zirkuitua

Erredakzioa 2021ko api. 23a, 11:19
Xabier Vallinaren 'Ilunabarrean esan' laburra. / Laburbira

Besteak beste, Izarra, Oion, Aramaio, Argantzon eta Arespalditzatik igaroko da jaialdia.

Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 18. edizioa beteko du aurten euskal ikus-entzunezkoen harrobitik zortzi film labur aurkeztuta. Apirilaren 26an hasiko da, Ordiziako Herri Antzokian, eta Larrabetzun amaituko da, tartean Euskal Herriko hainbat herrietatik igaro eta gero.

"Iazko pandemiaren ondorioz, ikus-entzunezkoen grabaketa eta ekoizpen asko bertan behera gelditu behar izan ziren. Hala ere, badira kostata aurrera atera ziren lanak, eta horiei oihartzuna emateko erantzunkizuna dugu Laburbiran", azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko Laburbirako antolatzaile Johana Olabarriak. 

Jasotako film labur guztien artean zortzi aukeratu dituzte, genero askotarikoak, beraien istorio eta kalitate nabarmenagatik eta jaialdietan izandako harreragatik. Honako film labur hauek osotzen dute urte honetako Laburbira: Aterpean Ateri (Ruben Crespo),  Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga), Game Over (Ilune Diaz), Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Villanina eta Irene Zaldua), Babarrun Txapelketa (Andoni Mtz de Madina eta Julen de la Serna), Datsegit (Aitor Arruti), Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet), Agur (Iñigo Acha). Edizio guztietan bezala Laburbirak zuzendari hasiberri eta amateurren lanak plazaratzeko aukera ematen die, beharrezkoa duten bultzada emateko helburuarekin. Horregatik, lanak plazaratzeaz gain, zuzendariek ikusleen aurrean euren burua aurkezteko eta grabaketa prozesua azaltzeko aukera izango dute. 

Arabari dagokionez, Langraizen (maiatzak 7) eta Izarran (maiatzak 7) hasiko da bira, eta Oionen (maiatzak 12), Aramaion (maiatzak 13), Uribarri Gaubean (maiatzak 14), Gasteizen (maiatzak 19), Argantzonen (maiatzak 22) eta  Arespalditzan (maiatzak 28) izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide