Anari eta Liher, asteburuko musika proposamenen artean

Erredakzioa 2021eko apirilaren 23a

Denetariko ekitaldiak asteburu honetan Araban. ALEA

Hitzordu eskaintza zabala aurkituko duzu asteburu honetan Araban. Guzti horien artean aipagarrienak jarraian jaso ditugu, eta zerrenda osoa Euskararen Agendan.

Larunbata 24. 13:00 etan eta 18:00etan. Faktoria. Laudio.

Airaraldeko Kultur Faktoriaren aurre-inauguraketaren testuinguruan, Anari izango da oholtza estreinatzen lehenengoa; bandarekin arituko da.

Larunbatean hasiko da ‘Kultur Faktoria’ egitasmoaren udaberriko programa, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak Laudioko Industriagunean atondutako pabilioian. Azken urtean obra eta auzolanetan buru-belarri egon da espazioa, eta aste honetan bertan emango diote amaiera Faktoria atontzeko prozesuari. Bazkideentzako aurkezpenak egingo dituzte ostiraletik igandera bitartean, eta testuinguru horretan joko du Anarik.

Hala ere, herritar orok izango du musikari azkoitiarraren kontzertuetara bertaratzeko aukera. Bi emanaldi eskainiko ditu Anarik, biak ala biak larunbatean, apirilak 24, 13:00etan lehena eta 18:00etan bigarrena.

Larunbata 24, 19:30ean. Kuartangoko bainuetxea.

Sormen prozesua eta abestien letrak aztertuko dituzte Liher taldeko kideek. Kuartangoko Udalak eta Añanako Berdintasun Zerbitzuak antolatuta.

"Gauza berri bat egitera animatu gara. Kuartangora izan gara gonbidatuak, Hemen herensugeak daude diskoko letren eta indarkeria matxistaren inguruko hitzaldi luzetxo bat eskaini eta akustikoan kantutxo batzuk jotzeko".

Larunbata 24, 19:00etan. Kultura Etxea. Aramaio.

Nekatutak izeneko ikuskizunean, Antton Telleria zuzentasunaren mugak esploratzen saituko da (ikuskizunaren izenetik hasita).

Aramaioko Udalak antolatu duen Umore Asteburua programaren barruan. Barre eginarazteko helburu bakar eta sakratuarekin, "delikatuak" izan daitezkeen zenbait kolektibo aipatuko ditu Telleriak: psikologoak, ETA, Ertzaintza…eta, nola ez, polemikoenak: irakasleak.

Igandea 25, 10:00etan. Kirikinoren baratza. Laudio

Kamerarik gabe eta kontaktu bidez irudiak osatzeko prozesu alternatiboa da zianotipia.

Tailerrak azalpenen atala eta atal praktikoa izango ditu, marrazketaren kontzeptu batzuk hartuko dira zianotipia bidez irudiak sortzeko, besteak beste. Kirikinoren baratzeko lantaldeak antolatu du.

Igandea 25, 12:00etan eta 17:00etan. Harresi aretoa. Agurain.

Liluragarria, gorputz barrura goaz, antzerki musikatua Ene Kantak taldeko azken lana da.

Ene Kantak euskaraz haur kantak egiten dituen talde-ekimena da. 2011n jaio zen, Urko Oskoz eta Nerea Urbizuren gogo eta nahien ondorioz. Euskaraz zuzendutako haurrentzako ikuskizuna aurkeztuko dute Agurainen. "Geure abesti eta koreografiekin, Nere eta Eneko pertsonaiek leku liluragarri bat ezagutuko dute".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago