Joan den astean, apirilaren 14an, Espainiako II. errepublikaren 90. urtemuga gogoratu genuen. Gorabehera handiko garaia izan zen. Bi mundu aurrez aurre. Bizitza eta gizartea ulertzeko bi modu. Askatasun irrika versus iragan beltza. Emakumeen sufragioa versus señoritoen pribilegioak. Langileen eskubideak versus kazikeen inpunitatea. Ongi asko dakigu hura nola amaitu zen eta zein azkar gelditu zen, 1936an, Gasteiz eta Araba faxisten mende.
Florida 200 urte 1820-2020 liburuan hori guztia ere islatzen da. Bertan topatu ditut niretzat ezezagunak ziren hainbat episodio historiko interesgarri. Parke erromantiko horretan denetik izan da: dantzaldietako musika alaiak, banda militarren burrunba gorgarriak… Loriak eta loreak, baita tragediak eta miseriak ere. Virginiako tulipa, Himalaiako zedro eta sekuoia erraldoiak maitaleen ezkutuko fereken eta nerabeen lehen musu lapurtuen lekuko izan dira. Baina, Imanol Lartzabalek zioen bezala, mundua ez da beti jai, inoiz tristea ere bai. Odola ere isuri da bertan. Tiro hotsak ere entzun dira; baita hildakoak izan ere.
Episodio lazgarri eta ezagunenetako bat da, agian, Alberto Martinez de Aragonen hilketari dagokiona. 1936an, Alberto Florida parkeko lorezain nagusia zen. Nekazaritza peritua zen eta aski ezaguna Gasteizko udalean; errepublikazalea, bere familia osoa bezala. Gabriel, bere aita, Errepublikako fiskal nagusia izan zen eta bere aitita, Domingo, Gasteizko alkate eta Arabako ahaldun nagusia. Matxinada faxista garaitu bezain laster, Alberto ezkutatu egin zen. Baina, 1936ko irailaren 18an, Errepublikako hegazkinak zeruan ikustean, ezkutalekutik atera egin zen agurtzera, euforiko. Errekete talde armatu bat inguruan zebilen. Berehala identifikatu eta bertan akabatu zuten Alberto, Floridako edarien kioskoaren ondoan. Modu zital eta ankerrean. Lorezaina mendekuaren ordaina bilakatu zen.
Gerora ere, tiroketa eta hilketa gehiago izan dira parkean. Ez. Floridan ez da beti jai izan.