Enrique Arberas

"Trikimailu ugari dago perretxikoen sekretua ondo gordetzeko"

Anakoz Amenabar 2021ko api. 23a, 08:00

Gorobel inguruko hainbat lan egin ditu Arberasek. / Santiago Yaniz

Gurasoei omenaldi bat egin nahi die Enrique Arberasek perretxikoen inguruan idatzi duen liburuarekin, haiekin batera urteetan Gorobel mendilerroan jasotakoak gogoan; Arespalditzan aurkeztuko du lana ostiralean, Amurrion larunbatean, eta astelehenean Gasteizen izango da.

Gorobel mendilerroan ikerketa ugari egin ditu Enrique Arberas biologo amurrioarrak, inguruko haginei edota otsoei buruzkoak tartean, eta perretxikoetan jarri du arreta oraingoan. Perretxiko, el oro blanco de los vascos lana aurkeztuko du ostiralean, udaberriko zizaren inguruko datu gastronomiko, historiko, kultural eta pertsonalez osatutako liburua. 

Zergatik perretxikoen inguruko liburu bat?

Familia tradizioak eraman nau lan honetara. 45 urte inguru izango dira gurasoak Gorobel inguruan perretxikotan hasi zirela; aita duela urte batzuk gaixorik jarri zen, eta orduan berreskuratu nuen nik eurekin joateko ohitura. Duela hiru urte, aita hil zenean, bururatu zitzaidan zerbait egin behar nuela, gehiago arakatu behar nuela. Bestalde, Amurrioko Arriola mikologia taldeko kidea ere banaiz, beti interesatu izan zait atal hau, eta aukera aproposa iruditu zitzaidan perretxikoen inguruan gehiago ikertzeko.

Zer deskubritu duzu ikerlanean?

Bitxikeria ugari aurkitu ditut, maila desberdinetan. Historialariek zalantza ugari dituzte, esate baterako, San Prudentzio moduko jaietan perretxikoak jateko ohitura noizkoa den zehazteko, baina ikerketa txiki batzuk eginez topatu dut 1898ko La Libertad egunkarian jada perretxiko tortillak izendatzen direla, eta, aurretik, 1758 inguruan, Apilaizen eta Done Bikendi Haraneko kontzejuetako kontu liburuetan ere agertzen dira aipamenak, izan zuten garrantzi ekonomikoaren adibide.

Arabatik kanpora ere preziatuak dira perretxikoak?

Argi dago batez ere euskaldunei lotutakoa dela perretxikoa, baina Araban dago errotuta bereziki. Kontsumoa ere hemen da handiena.

Perretxikotan joateko aukera izan duzu aurten?

Egon gara, baina hotza egin du eta ez du euri nahikorik egin. Gorobel inguruan ia ez dago alerik oraindik, eta beheragoko inguruetan bilatu dituzte.

Ondo gordetako sekretua izaten da lekua...

Hori da ziza honen magia. Perretxikoa hartzea beste gauza bat da, beste  maila bat da, inor mespretxatu gabe, baina onddoak hartzea ez da gauza bera. Etxean jaso ez baduzu, belaunaldiz belaunaldi igaro diren lekuak, oso zaila da perretxikoak biltzeko ezagutza hori eskuratzea. Hasierako aldian perretxikoak txikiak izaten dira, eta ez dira horren erraz ikusten. Perretxikogile bakoitzak bere guneak ditu, aldizka zeharkatzen dituenak eta mimoz tratatzen dituenak, eta ondo daki ez duela frogarik utzi behar inork jakin ez dezan, familiak edo inguruko pertsona batek baino ez dakizkien lekuak. Eta hori da bere magia; trikimailu ugari dago perretxikoen sekretua gordetzeko, laino-egunetan ateratzen dira perretxikozaleak, arropa deigarririk gabe... eta, jakina, ez duzu aitortuko perretxikorik hartu duzunik. Gaur egun ikusten dugunaren guztiz kontrakoa da; orain jendeak bere saskiak erakusten dizkizu argazkietan...

Nola prestatzen dituzu perretxikoak?

Sukalki jatetxeko Luis Angel Plagarok, Arzakeko Xabier Gutierrezek eta Andra Mariko Zuriñe Garciak prestatutako errezeta batzuk bildu ditut liburuan, eta baita nire amaren errezeta ere; garai batean tortillak egiten ziren, Zortzikoak aipatzen duen bezala, baina komeni da arrautza nahasizkoa egitea; ahalik eta gutxien manipulatzen badugu, hobeto; bere zapore eta aroma da baliorik handiena. Haiek biltzera ateratzen naizenean, lehenengoa gordin jaten dut, ez dago parekorik, goiz osorako zaporea uzten dizu horrek.

Azokara gerturatuz gero, beste hainbat herrialdetakoak aurki daitezke...

Hemen ez badago, aurten gertatu den moduan, normalena da beste leku batzuetatik ekartzea. Kuriosoa bada ere, lehendabizikoak Portugalen izaten dira, eta, ondoren, Europa ekialdeko beste herrialde batzuetan biltzen dituzte. Batzuen eta besteen aldeaz uste dut mito gehiegi dagoela, eta horretaz ere hitz egiten dut liburuan. Europako leku guztietako milaka perretxiko ikusi ditut, eta ez dago alde handirik. Tokian-tokian, bakoitzak esaten du bereak direla onenak, baina aldea ez da horren nabarmena, baten bat haserretuko bazait ere kar-kar. Beharbada horiek garraiatzerako garaian gal dezakete zaporea, izoztuta edota urez garbitu ostean garraiatu dituztelako, baina berezko zaporean ez da alde handirik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago