Alaves 2 - 1 Villarreal

Alavesek hiru puntu zoragarri lortu ditu

Ibon Gorrisi 2021ko api. 22a, 08:00
Argazkia: D. ALAVES

Mendizorrotzean, merezimendu osoz, 2-1 irabazi dio Alavesek Vilarreali. Jaitsiera postuak atzean gelditu dira eta taldea oso bide onean dago.

Alaves

2

Villarreal

1

Alavesek alaitasuna berreskuratu du. Javi Callejaren lehen hiru lehietan zazpi puntu lortu ditu; berdinketa eta bi garaipen jarraian. Jaitsiera postuak atzean gelditu dira eta taldea oso bide onean dago. Vilarreal ez da talde makala, eta Europara begira ari da Realarekin batera. Horrexegatik, lortutako emaitza (2-1) meritu handikoa izan da.

Javi Callejaren lehen hiru lehietan zazpi puntu lortu ditu; berdinketa eta bi garaipen jarraian

Norgehiagoka bizi-bizia hasi zaigu, eta lehen minutuan kanpoko taldeak aukera paregabea izan du markagailua mugiarazteko. Eskerrak Laguardiak atepean baloia urrundu duela.

Pixkanaka, etxeko taldeak neurria hartu dio lehiari, eta Vilarrealen area ingurura hurbiltzen hasi da. Abisu pare bat eman ondoren, Joseluk sareetara bidali du baloia, eta 1-0ekoa jarri du markagailuan. Hortik aurrera, talde arabarra atzealdean sartu da eta, nola edo hala, markagailuari eustea lortu du.

Aldeko emaitzarekin joan dira jokalariak aldageletara. Bigarren zatia gogorra, oso gogorra, aurreikusten zen. Vilarreal goi mailako taldea da, eta jokoan zeuden puntuak oso garrantzitsuak ziren sailkapenaren goialdean jarraitzeko. Esan bezala, hasi bezain pronto, kanpoko taldeak erasoari ekin dio. Handik gutxira, 50'. minutuan, Alcacer aurrelariaren bitartez berdinketaren gola lortu du. Epaileak VAR kontsultatu du baina balekoa eman du. Gauzak erabat okertuta, zirudien garaipena erabat urruntzen zela.

Talde arabarra atzealdean sartu da eta, nola edo hala, markagailuari eustea lortu du

Halere, Alavesek ondo baino hobeto eutsi dio markagailuari. Ilusioz eta borroka ikaragarria eginez ez dio inongo aukerarik eman kanpoko taldeari. Lehia banako berdinketarekin amaituko zela ematen zuen. Puntu bana eskuratzea ontzat ematen zuten biek. Halere, kontraeraso batean, talde arabarrak gol ikaragarria egin du. Eskuin hegaletik, Pellistrik sakonean egin dio pasea Joseluri, eta honek egindako erdiraketa Edgar Mendezek maisuki bidali du sareetara. Gol ikaragarria. Zer nolako gola. Balio handikoa, salbaziorako gola.

2-1eko emaitzarekin ekin diote partidaren azken txanpari. Halere, taldeak ez du gehiegi sufritu borroka itzela egin duelako. Jokalariek bazekiten garaipena oso oso garrantzitsua zela, eta horrexegatik dena eman dute azken hasperenera arte.

Calleja etorri denetik taldeak ez du galdu, ez du golik jaso eta salbaziorako bide oso onean dago. Hurrengo neurketa larunbatean izango da, apirilaren 24an, 18:30ean Valentziaren aurka. Sailkapenari begira, aukera paregabea izan daiteke puntuak eskuratzeko. Ea taldeak bide on honetan jarraitzen duen!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Martin; Jota Peleteiro (79’. Pellistri), Battaglia, Tomas Pina, Luis Rioja (58’. Pere Pons); Joselu (90’. Deyverson), Lucas Pérez (58’. Edgar Mendez).
    • Txartel horiak: 70’. Manu Garcia, 74’. Edgar Mendez.
  • Vilarreal: Rulli; Mario Gaspar (84’. Niño), Albiol, Funes Mori, Pedraza; Chukwueze (70’. Moi Gomez), Capoue (84’. Pino), Parejo (70’ Coquelin), Trigueros; Gerard Moreno, Alcacer (84’. Peña).
    • Txartel horiak: 63’. Pedraza.

Golak

  • 1-0: 17’. Joselu
  • 1-1: 50’. Alcacer
  • 2-1: 80’. Edgar Mendez

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Bi taldeetako jokalariak Europako Superliga kontrako elastikoarekin zelairatu dira. Badirudi egitasmoak berrogeita zortzi ordu iraun duela. Izan ere, leku guztietatik kritikak besterik ez ditu jaso. Lehen zatian epaileek arazoak izan dituzte "pinganilloekin" eta zenbait minutuetan jokoa geldirik izan da. Vilarrealen gola VAR kontsultatu ondoren balekoa eman du.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Etxean goxo-goxo. Tabernetako terrazetan ezin, beraz, etxeko besaulkian.Hor lagunekin mugikorraren bitartez mezuak bidaltzen.
  • Vilarreal talde handia da, baina irabazi behar da, bai ala bai.
  • Hamaikakoan aldaketa handiegirik ez. Aurrealdean berriz ere Joselu eta Lucas Perez. Ea bide onean jarraitzen duen taldeak.
  • Ufff, kanpokoen aukera paregabea. Uff, sufritzea tokatuko zaigu. Baina, inoiz baino gehiago "goazen Alaves".
  • Ari da, ari da taldea pixkanaka bere lekuan jartzen.
  • Goooooooooola, gooooooola! Joselu, Joselu, nola ez. Hori da hori, orain nola edo hala eutsi egin behar zaio. Eutsi, eutsi ta hiru puntuak.
  • Taldea azken bi partidetan fin dabil. 1-0eko emaitzarekin atsedenaldira joatea ondo legoke.
  • Atsedenaldira, ondo, Alaves txukun aritu da.
  • Bizi-bizia hasi zaigu bigarren zatia. Uff, kontuz, kontuz.
  • Vilarrealen gola. Ez dago huts egiterik, eginez gero gola. Banako berdinketa. Berriz ere, tentu handiz jokatu behar da. Akatsik eginez gero, kanpoko taldeak ez du barkatuko.
  • Atzealdean sendo aritu behar eta kontraerasoren batean bigarrena egin eta garaipena. Ea horrela gertatzen den!
  • Goooooooooooooooola. Gol ikaragarria! Zer nolako gola! Edgar Mendezek gol bikaina egin du. Garaipenaren gola. Salbaziorako gola.
  • Orain, inoiz baino gehiago "Goazen Alaves", eutsi, eutsi goiari
  • Ondo, ondo, oso ondo. Hiru puntuak eta jaitsiera postuak gero eta urrunago.
  • Goazen, goazen Alaves. Hurrengo partida Valentziaren kontra. Hor posiblea izango da zerbait ateratzea. Ea ahalik eta lasterren lortzen dugun salbazioa azken partidetan ez sufritzeko.
  • Goazen, goazen bada!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide