Koronabirusa

Araba eremu gorriaren irteeratik urrundu da berriz ere, 120 positibo berrirekin

Erredakzioa 2021ko api. 21a, 17:00

Udaltzaingoaren mugikortasun kontrola Gasteiz ekialdeko irteeran. / IREKIA

Azken 24 orduetan 120 positibo berri atzeman dira Araban, eta intzidentzia tasa metatua 448 kasuetaraino igo da. San Prudentziorako edo datorren astean zehar eremu gorritik ateratzeko itxaropen txikiena ere, gero eta urrunago dago.

Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aramaio, Aiara, Bastida, Berantevilla, Guardia eta Zanbrana konfinatuta daude asteartetik, eta, gutxienez, datorren asteartera arte. Gainera, azken datuen arabera, egoera ez da asko aldatuko astelehenerako; behintzat, lurraldeari, hiriburuari eta Aiaraldeko bi udalerri nagusiei dagokienez.

Birusaren hedapena atzera egiteko fasean dago Araban, birsorkuntza tasa 0,97koa delako, baina egoera blokeatuta dago. Izan ere, intzidentzia tasa metatua egonkortu da azken egunetan, baina asteazken honetan berriro igo da: azken 24 orduetan 120 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 448koa da une honetan; atzo baino zortzi puntu gehiago.

Gasteizen ere, antzeko bilakaera izan du intzidentzia tasak: egonkortzen ari zela zirudien honetan, bost puntu igo eta 468koa da une honetan. Azken 24 orduetan, 92 positibo berri atzeman dira hiriburuan.

Aste honetako aldaketa nagusia 5.000 biztanletik gorako udalerrietan izan da: Amurrio (493) eta Laudio (463) eremu gorriko udalerrietara batu dira eta, gainera, intzidentzia nabarmen igotzen ari da Aiaraldeko bi udalerri horietan. Agurain (130) eremu horian egonkortu da, eta ez dirudi epe motzean egoerak okerrera egingo duenik.

Bestalde, aste honetan, Osasun Sailak 5.000 biztanle baino gutxiagoko sei udalerri arabar sartu ditu udalerrien ebazpenean, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Aramaio (878), Aiara (621), Berantevilla (1.402), Bastida (1.409), Guardia (912) eta Zanbrana (1.569).

Neurri murriztaileak

Araba eremu gorriko hirugarren astean dago. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak datorren astelehenera arte mantenduko dira oraingoz, eta, egoera nabarmen hobetzen ez bada, San Prudentzioko astean ere izango dira indarrean.

Oraingoz, beraz, lurraldearen konfinamendu perimetrala mantentzen da Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion eta eremu gorriko beste udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 26an, datorren astelehenean eta San Prudentzioko jai egunaren bezperan, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, astearte honetan 12.709 test diagnostiko egin ziren; horietatik 1.002 positiboak izan ziren (%7,9).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,97koa da Araban, eta 1,02koa EAEn. Beraz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Araban, ordea, egoera bide hobe batetik doa, eta birusa atzera egiteko fasean dago, astiro bada ere.

Ospitaleen egoera eta hildakoak

EAEko ospitaleei dagokionez, egoera txarra mantendu da eta presio asistentzialak gora egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 117 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
  • 553 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 158 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 711 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
  • Arabako ospitaleetan, 70 paziente daude solairuetan eta 23 ZIUn, Arabako ESIak plazaratutako azken datuen arabera.
  • Apirilaren 12tik 18ra bitartean, 32 pertsona hil ziren EAEn Covid-19aren ondorioz.
  • Guztira, 4.130 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago