Milioi euroko dirulaguntza onartu du Aldundiak nekazaritza ekologikoa sustatzeko

Erredakzioa 2021eko apirilaren 20a

Ekoizpen ekologikoa laguntzeko diru-partida onartu du Aldundiak. ALEA

Iaz 294 lagunek jaso zuten dirulaguntza hori.

Arabako Foru Aldundiak 1.320.000 eurorekin lagunduko ditu nekazaritza ekologikoan inbertitzen duten ustiategiak. Nekazaritza-ingurumeneko eta klimako konpromisoak borondatez sinatzen dituzten nekazariei eta nekazarien elkarteei zuzenduko da dirulaguntza. "Funtsean, biodibertsitatea, balio natural handiko nekazaritza-sistemak eta Europako paisaien egoera lehengoratu, zaindu eta hobetu behar dira, nekazaritza-lurzorua, ura eta haren mendeko ekosistemak eta paisaiak zaindu eta hobetzen lagunduz. Nekazaritza sistema tradizionalei eusteak, ingurumen-interes handia izateaz gain, lurralde-oreka mantentzen laguntzen du, ehun sozioekonomiko biziari eta landa-komunitate bideragarriari eutsiz".

Halaber, modu horretan, nekazaritza jarduera bertan behera uztea geldiarazi nahi du Aldundiak, jarduera desagertzeko arrisku handia duten eremuetan eraginez. Helburua da ekoizpen-sistema jasangarriagoak sustatzea, klima-aldaketa, berotegi-efektuko gasen isurketa gutxitzea, animalien ongizatea eta elikagaien segurtasuna arintzen lagunduz.

2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren barruan dago dirulaguntza. Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen laguntza horien % 75 LGENF funtsen bidez finantzatzen dira.

Iaz, 294 pertsona izan ziren onuradunak, 50 ekoizpen integratura bideratu ziren, 115 tokiko animalia-arrazak kontserbatzera, 15 biodibertsitatea hobetzeko erlezaintzara, 2 mendiko larreen aprobetxamendua kudeatzera, 34 nekazaritza ekologikora eta 78 nekazaritza ekologikoari eustera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago