Gasteiz, Laudio, Amurrio, Aramaio, Aiara, Bastida, Berantevilla, Guardia eta Zanbrana konfinatuta daude gaurtik aurrera, eta, gutxienez, datorren asteartera arte.
Birusa atzera egiteko fasean dago Araban, 0,97ko birsorkuntza tasarekin, egoera blokeatuta dagoela dirudien arren. Izan ere, intzidentzia tasa metatua egonkortu da eta, oraingoz, ez doa ez atzera ez aurrera: azken 24 orduetan 95 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 440koa da une honetan; atzo baino hiru puntu gehiago.
Gasteizen ere, intzidentzia tasak egonkortzen jarraitzen du, eta, atzo bezala, 463koa da une honetan. Azken 24 orduetan, 72 positibo berri atzeman dira hiriburuan.
Aste honetako aldaketa nagusia 5.000 biztanletik gorako udalerrietan izan da: Amurrio (484) eta Laudio (425), hainbat egun eremu gorrian igaro ostean, neurri murriztaile bereziak dituzten udalerrietara batu dira. Agurain (130) eremu horian egonkortu da, eta ez dirudi epe motzean egoerak okerrera egingo duenik.
Bestalde, Osasun Sailak 5.000 biztanle baino gutxiagoko sei udalerri arabar sartu ditu aste honetan udalerrien ebazpenean, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Aramaio (878), Aiara (621), Berantevilla (1.402), Bastida (1.217), Guardia (912) eta Zanbrana (1.569).
Neurri murriztaileak
Hortaz, eremu gorriko hirugarren astea hasi da Araban. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak astebetez mantenduko dira oraingoz, eta, egoera nabarmen hobetzen ez bada, San Prudentzioko zubian ere izango dira indarrean, datorren astean.
Oraingoz, beraz, lurraldearen konfinamendu perimetrala mantentzen da Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion eta eremu gorriko beste udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:
- Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 26an, datorren astelehenean eta San Prudentzioko jai egunaren bezperan, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, astelehen honetan 12.301 test diagnostiko egin ziren; horietatik 779 positiboak izan ziren (%6,3).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,97koa da Araban, eta 1,03koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Araban, ordea, egoera bide hobe batetik doa, eta birusa atzera egiteko fasean dago, astiro bada ere.
Ospitaleen egoera eta hildakoak
EAEko ospitaleei dagokionez, egoera txarra mantendu da eta presio asistentzialak gora egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- Arabako ospitaleetan, 70 paziente daude solairuetan eta 23 ZIUn.
- 115 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
- 524 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 154 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 678 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
- Apirilaren 5etik 11ra bitartean, 26 pertsona hil ziren Covid-19aren ondorioz.
- Guztira, 4.088 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.
Saturazioa hain kezkagarria izaten ari da, Txagorritxu eta Santiago ospitaletako bi ebakuntza-gela itxi dituztela, ospitaleratzeen gorakada dela eta. Aurreikuspenen arabera, maiatzaren 3an berrirekiko dira, eta, bitartean, Arabako beste zortzi ebakuntza-gela mantenduko dira zabalik.