Zabalik dago On Egin bonuak lortzeko epea

Erredakzioa 2021ko api. 19a, 15:06
Arabako Errioxako ardoa On Egin programan sustatuko da. ALEA

Kalitate ziurtatuko produktuetan 100 euro erosteagatik, kontsumitzaileek 50 euroko deskontu-bonua jasoko dute erkidegoko turismo ostatuetan gastatzeko.

HAZIren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez garatutako ekimenaren helburua da erkidegoko "kalitate bereiziko" produktuen kontsumoa sustatzea. "Covid-19ak ondorio negatiboak eragin ditu Euskadiko elikadura katearen azpisektore askotan, eta, ekimenaren bidez, kalitatezko elikagaiak eta edariak ekoizten dituzten lehen sektoreko eragileei lagundu nahi zaie".

Txakolina, Arabako Errioxako Ardoa, Arabako Errioxako Cava, Idiazabal Gazta, Euskal Sagardoa, Euskal Garagardoa, eta erkidegoko ekoizpen ekologikoko eta Eusko Label marka duten elikagaiak sartu dituzte promozioan.

Bonuak lortzeko, kontsumitzaileek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ziurtatutako kalitate bereiziko produktuak erosi beharko dituzte, gutxienez ehun euroren truke, faktura bakarrean, txikizkako dendetan, merkataritza elektronikoko atarietan eta lehen sektore eta elikagaien sektoreko ekoizleen zuzeneko salmenta puntuetan. Erosketa egin ondoren, fakturari argazkia atera, oneginbonoa.eus webgunera igo eta 50 euroko bonuaren eskaria bete behar dute. Bonu horiek proiektuari atxikitako turismo ostatuetan erabili ahalko dira.

Sustapena, zehazki EAEko biztanleei zuzenduta dagoen arren, erkidegotik kanpoko lagunek ere baliatu ahal izango dute, identifikatutako produktuak kontsumitzen badituzte. Guztira 30.000 bonu eskainiko dira. Ekainaren 1ean horiek erabitzeko epea hasiko da eta 2022ko abenduaren 31n amaituko da. Bestalde, apirilaren 19tik aurrera egiten diren erosketak promozioan sartuko dira. 

Webgunean bertan kontsultatu ahal izango da zeintzuk diren erosketa egiteko eta deskontu bonoaz gozatzeko aukeratu daitezkeen dendak eta ostatuak. Pertsona bakoitzak bere NANaren zenbakiari lotutako bi bonu lortu ahal izango ditu gehienez, eta ezingo dira metatu (bonu bat ostatuko gau bakoitzeko).

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide