Eremu gorrian jarraitzen dute Arabak eta Gasteizek, baina bertako intzidentzia tasa metatua egonkortzen ari da eta birusa atzera egiteko fasean sartu da berriro ere, 0,98ko birsorkuntza tasarekin: azken 24 orduetan 71 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 437koa da une honetan.
Aste honetako aldaketa nagusia 5.000 biztanletik gorako udalerrietan emango da: Agurain (149) eremu horian mantentzen da, baina Amurrio (484) eta Laudio (419), hainbat egun eremu gorrian igaro ostean, Osasun Sailak udalerrien inguruan argitaratutako ebazpenean agertuko dira. Beraz, asteartetik aurrera, Aiaraldeko bi udalerri horietan ere ezarriko dira neurri murriztaileak.
Gasteizen ere, intzidentzia tasak egonkortzen jarraitzen du, eta 463koa da une honetan. Azken 24 orduetan, 52 positibo berri atzeman dira hiriburuan.
Bestalde, Osasun Sailak 5.000 biztanle baino gutxiagoko sei udalerri arabar sartu ditu udalerrien ebazpenean, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Aramaio (675), Aiara (621), Berantevilla (1.202), Bastida (1.089), Guardia (912) eta Zanbrana (1.569). Joan den asteartetik, Legutio (982) eremu gorrian zegoen , baina bertatik atera da jada.
Neurri murriztaileak
Hortaz, eremu gorriko hirugarren astea hasi da Araban. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak astebetez mantenduko dira oraingoz, eta, egoera nabarmen hobetzen ez bada, San Prudentzioko zubian ere izango dira indarrean, datorren astean.
Oraingoz, beraz, lurraldearen konfinamendu perimetrala mantentzen da Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion eta eremu gorriko beste udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:
- Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
- Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
- Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik.
- Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
- Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.
Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 26an, datorren astelehenean eta San Prudentzioko jai egunaren bezperan, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.
Intzidentzia tasa metatua
Arabako udalerriak
Birusa hazkunde fasean
EAEko egoera orokorrari dagokionez, igande honetan 7.254 test diagnostiko egin ziren; horietatik 633 positiboak izan ziren (%8,7).
Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 0,98koa da Araban, eta 1,03koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Araban, ordea, egoera bide hobeago batetik doa, eta birusa atzera egiteko fasean sartu da.
Ospitaleen egoera eta hildakoak
EAEko ospitaleei dagokionez, egoera txarra mantendu da eta presio asistentzialak gora egiten jarraitzen du. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 60 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
- 495 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 147 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 642 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
- Apirilaren 5etik 11ra bitartean, 26 pertsona hil ziren Covid-19aren ondorioz.
- Guztira, 4.088 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.
Saturazioa hain kezkagarria izaten ari da, Txagorritxu eta Santiago ospitaletako bi ebakuntza-gela itxi dituztela, ospitaleratzeen gorakada dela eta. Aurreikuspenen arabera, maiatzaren 3an berrirekiko dira, eta, bitartean, Arabako beste zortzi ebakuntza-gela mantenduko dira zabalik.
Izan ere, une honetan 23 paziente daude Arabako ospitaleetako ZIUetan, eta bi ebakuntza-gela horietan arratsaldeko ebakuntzak etetea erabaki du Arabako ESIak, Covid-19agatik larriki gaixo daudenei arreta lehenesteko. Ebakuntza horiek ez ziren premiazkoak eta hitzordu berriak zehaztuko dira pertsona horiekin.
Txertaketari buruzko datuak
Astelehen honetan, Pfizer txertoaren 70.200 dosi jaso ditu EAEk, eta astean zehar Moderna eta AstraZeneca txertoen dosi gehiago iritsiko dira.
AstraZenecaren gorabeherei dagokienez, zehaztu gabe dago oraingoz lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherako pertsonekin zer gertatuko den. Bitartean, hiru aukera nagusi daude mahai gainean: bigarren dosia ez ematea, AstraZenecaren txertoa jartzea edo AstraZeneca ez den beste txerto bat jartzea.