Alaves 1 - 0 Huesca

Alavesek urrea baino gehiago balio duen garaipena lortu du

Ibon Gorrisi 2021ko api. 18a, 20:00
Argazkia: LA LIGA

Battagliak egindako golari esker Huesca aurkari zuzenari 1-0 irabazi dio Alavesek, eta jaitsiera postuetatik atera da.

Alaves

1

Huesca

0

Alavesek balio handiko garaipena lortu du. Ozta-ozta erdietsi ditu hiru puntuak, baina azken finean Huesca aurkari zuzenaren aurka helburu garrantzitsuena horixe zen. Gainera, jaitsiera postuetatik atera da, eta horrek esperantzarako bidea erabat ireki du. Hasiera batean, behintzat, talde arabarrak duen egutegia aldekoa da.

Alaves jaitsiera postuetatik atera da, eta horrek esperantzarako bidea erabat ireki du

Bi taldeentzat hil ala biziko partida zen eta izan da. Horrek eragina izan du jokoan. Talde arabarrak jokoaren ekimena eraman du lehen zatian. Halere, ez da gauza izan gol aukerarik sortzeko. Esan genezake baloi jabetza izan duela baina eraginkortasunik gabe. Bi taldeen helburu nagusiena golik ez jasotzea izan da, eta hori lortu dute, atsedenaldira golik gabeko berdinketarekin joan direlako.

Bigarren zatian gauzak ez dira asko aldatu. Biek garaipena nahi izan dute, baina gehiegi arriskatu gabe. Argi eta garbi zegoen jokaldi isolatu batetik etorriko zela gola. Talde arabarrak balio gabeko gola egin du 73. minutuan, Lucas Perezen bitartez, baina lehendabizi marrazainak eta gero VAR-ek bertan behera utzi dute, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako.

85. minutuan, Battagliak garaipenaren gola lortu du

Jokaldi horrek taldeari indarra eman dio, eta, handik gutxira, 85. minutuan, Battagliak garaipenaren gola lortu du. Gol ikusgarria benetan, areaz kanpotik zartako ikusgarria jaurti eta baloia saretara bidali du.

Helburua erabat beteta zegoen baina oraindik orain ia-ia hamar minutu gelditzen ziren helburua lortzeko. Huesca ez da batere kikildu, eta berdinketaren bila joan da. Eta, egia esanda, banako berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du 89’. minutuan, Escrichek buruz langara bidali duelako baloia.

Azken minutuetan, Alaves korrika bizian eta hortzak estuturik aritu da emaitzari eusteko. Epaileak bukaera adierazi duenean, jokalari eta teknikoen eta jokalarien arteko besarkadak izugarriak izan dira, baita zaleen artekoak ere, emaitzak arnasa hartzeko balio duelako. Ez hori bakarrik, mailari eusteko aurrerapauso izugarria delako.

Dena den, ez dago tarterik egindakoaz gozatzeko. Hurrengo norgehiagoka datorren asteazkenean izango da, 21:00etan Vilarrealen aurka, Mendizorrotzan. Aukera paregabea garaipenaren bidean jarraitu ahal izateko.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Tachi, Duarte (46’. Martin); Battaglia, Pina, Peleteiro (89’. Luis Rioja), Pere Pons (67’. Pellistri); Joselu (84’. Deyverson) eta Lucas Perez (84’. Guidetti).
    • Txartel horiak: 60’. Battaglia.
  • Huesca: Andres Fernandez; Pulido, Insua, Vavro; Mosquera (77’. Rico), Seoane, Ferreiro (77’. Doumbia), Pedro Lopez (77’. Escriche), Javi Galan; Sandro (68’. Sergio Gomez) eta Rafa Mir.
    • Txartel horiak: 30’. Vavro, 85’. Rafa Mir

Golak

  • 1-0: 85’. Battaglia

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Badirudi denboraldi honetan hasi bezala bukatuko dela, hau da ikuslerik gabe harmailetan. Egoera honek, ezbairik gabe, kalte izugarria egiten die talde txikiei. Izan ere, zalerik sutsuenak talde horietakoak dira. Zer esanik ez talde arabarrari dagokionez. Giro paregabea sortzen baita Mendizorrotzan eta horrek taldeari mesede ikaragarria egiten dio. Huescaren aurkako norgehiagokak ez dio buruhausterik sortu epaileari. VAR behin erabili du baina aldez aurretik jokaldia baliogabetua zegoen.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Eguraldi paregabea futbolaz gozatzeko Alde Zaharreko tabernetan. Eskerrak telebista gehienak kanpo aldera jarrita daudela. Ea aspaldiko partez garaipena lortzen dugun!
  • Gaur irabazi edo irabazi egin behar dugu. Bestela mistela!. Ea entrenatzaile berriarekin hiru puntuak lortzen ditugun.
  • Momentuz aldaketa askorik ez hamaikakoan. Atzealdean Tachi eta zelai erdian Pere Pons. Horiek dira aldaketak deigarrienak.
  • Ufff, partida gogorra izango da, inongo dudarik gabe.
  • Huesca ez da talde makala. Bizia doa partida. Era honetako partidetan gola sartzen duenak irabaziko du. Ikusiko duzue!
  • Beno, hori ari da taldea. Biek beldurra diote gola jasotzeari. Aukera gutxiko partida izaten eta izango da. Ikusiko duzue!
  • Tris-tras batean joan zaigu lehen zatian. Gol gabeko berdinketa. Ea taldeak gola lortzen duen bigarren zatian.
  • Uffff, buffff, lehengo bidetik doa partida. Gola, gola egin behar da, irabazi eta hiru puntuak jaitsiera postuetatik ateratzeko.
  • Guk gauza handirik ez dugu egiten, baina haiek ezta ere. Neurketa doan bidetik golik gabeko berdinketa.
  • Gooooool, Lucas Perezen gola. Bertan behera, jokoz kanpo. Ze pena! Hau pena! Bera bai jokoz kanpo baina besteak ez.
  • Beno, ea hurrengo jokaldian gola egiten dugun.
  • Goooooooooooooooooola!!! Battaglia, Battaglia. Gol ikusgarria, gol ikaragarria. A zer-nolako gola. Eskerrak, eskerrik asko, mila esker Battaglia. Gol honek salbatuko gaitu.
  • Eh!, eh! Kontuz, kontuz, eskerrak langara bidali duela burukada.
  • Epailea, epailea, ordua, ordua, ordua.
  • Oso ondo, oso ondo. Hiru puntuak eta aurrera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide