Estreinaldi bat, kontzertu ugari eta bertso-saio bereziak, asteburuan

Erredakzioa 2021ko api. 16a, 11:53
Denetariko ekitaldiak asteburu honetan Araban. ALEA

Hitzordu eskaintza zabala aurkituko duzu asteburu honetan Araban. Guzti horien artean aipagarrienak jarraian jaso ditugu, eta zerrenda osoa Euskararen Agendan.

Ostirala, 16. 18:30. Jimmy Jazz. Gasteiz.

Euskal Herri osoaren ahotan izan dira aurten Chill Mafiako musikariak, beraien lehen Mixtapeari esker: Ezorregatik x Berpizkundea.

Gazte arruntaren koplak bigarren singlearekin, 100.000 ikustaldi lortu zituzten astebete baino gutxiagoan. Bere albuma kaleratu gabe, mundu osoko arreta erakarrita, izugarrizko goraipamenak lortu dituzte eta eztabaida ugari eta ezberdinak baita ere. 

Taldeak 80ko hamarkadako punketik, reggaera, dubera, euskal kanta tradizionalera, reggeatonera edo hip hopera doazen influentziak biltzen ditu. Hau da, musika beltza eta latindarretik abesti klasikoen berrinterpretaziora arte.

Ostirala 16, 19:30. Streaming bidez.

Olatz Salvadorrek Aho uhal (2020, Airaka) izeneko lan berria aurkeztuko du Vital Fundazioaren Kulturunea programaren bigarren edizioan.

Izen honekin lotutako jolasetik tiraka abiatu du Olatz Salvadorrek bakarkako bigarren estudioko lana. Haritz Harreguy estudioan grabatu eta ekoizpenean Pablo Novoaren laguntza izateaz gain (Ivan Ferreiro, Bebe, Julieta Venegas…), Alaia Martin edota Ane Labakaren gisako sortzaileen hitzak musikatuz osatutako abestiak ere baditu, luxuzko kolaborazioz onduak.

Online sarreren salmenta kontzertua hasi baino ordubete lehenagora arte, Vital Fundazioaren webgunean.

Larunbata 17, 12:00. Florida zinemak. Gasteiz.

Hego Euskal Herriko natura bildu du Lexeia Larrañagak Natura bizia dokumentalean.

Kantauri itsasoko ur hotzetatik Pirinioetako mendi tontor babesgabeetara, munduko zetazeo handien igerialdia, hartz arrearen lozorro ondorengo lehen pausoak, Europako tximeleta ederrenaren metamorfosia, bisoi europarraren egunerokoa… Iberiar penintsularen iparraldeko paraje zoragarriek eskaintzen dizkiguten ikuskizun arruntak baino ez dira. Europako biodibertsitatearen zati handi bat gordetzen dute gure itsaslabar malkartsuek, magiaz beteriko basoek, kareharrizko mendi altuek zein basamortu idor bezain aberatsek. Bada horiek guztiak biltzeaz arduratu da Larrañaga buru duen lantaldea. Alexander Gutierrez izan du produktore, eta Peio Muruarekin batera, kameralari lanetan aritu da. Asier Bilbao ekoizle eragilea, Amador Prieto biologoa, Enrique Talledo urpeko kameralaria eta Julio Veiga musikari eta konpositorea batu zaizkie proiektura, eta elkarrekin, 83 minutuko dokumentala osatu dute.

Larunbata 17, 17:00. Aramaioko Kultura Etxea.

Señora sariketa, umorea eta feminismoa uztartuz.

Aramaion izengo da Señora Sariketa berriaren lehenengo kanporaketa. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura. Haizea Arana, Oihane Perea, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Alazne Untxalo izango dira. "Saioak umorezkoak izatea nahi dugu eta bertsolariek oholtzan gozatzea. Tematika aldetik, askotariko gaiak landuko ditugu, beti ere, ikuspegi feminista kontuan izanda", argitu du Maider Arregi antolatzaileak.

Igandea 18, 17:00. Arespalditzako eliza.

Amilami, ipuin musikatua euskal kultura herrikoia eta munduko musikak (Boli Kostakoa) batzen ditu.

Juan Kruz Igerabideren Amilamiren ipuinean oinarrituta eta tradiziozko kontakizunetatik abiatuta laminen istorioak kontatzen dira gertaera fantastikoak egungo gizartean kokatuz. Kontaketaren baitan, usain-belarrak, sehaska-kantak, aho-korapiloak, proiekzioak eta instrumentu ezberkinekin egindako musikak txertatzen dira. Ohizko instrumentuak aparte, Etoile Magik-ek perkusioa eta kantua egiten ditu. Amaiera bikaina emateko, haurrek usain-hostoak etxera eramaten dituzte.

Igandea 18, 18:30. Agurain. Harresi aretoa.

Dardara dokumentala, Berri Txarrak taldearen inguruko lana.

25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak… denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide