GEOINT edo inteligentzia geografikoaren aukera duela gutxira arte gobernuen edota enpresa handien esku baino ez zegoen, baina azken urteetan satelite bidezko irudiak edonoren esku daude. Halakoetan, zaila da ondorioak ateratzea, mapa desberdin horiek bata bestearen atzean ikustarazten ez badira, bederen.
Orain Google Earthek satelite bidezko irudi horiekin timelapse bat egiteko aukera ematen du, mapa historiko desberdinez osatutako animazioak ahalbidetuz, eta ikustaldia zein interpretazioa erraztuz. Tresna berri hori Arabara aplikatuz gero, azken 37 urteetan lurraldean izan diren hainbat aldaketa erraz ikustarazteko aukera dago.
Zalantzarik gabe, hiriburuaren hazkunde erraldoia da arreta gehien ematen duena. Batez ere, mendebaldean eraikitako auzo berriak edota industrialdeak nagusitu dira lehen lur soroek hartzen zuten tokian. Hiriburutik kanpo, besteak beste, Legutio inguruan dagoen Gojaingo industrialdearen jaiotza ederki ikusten da. Eibar-Gasteiz autobiaren agerpenarekin batera (gaur egungo AP-1) artean moztu gabe zegoen eremu handi baten behin-betiko aldaketa gertatu zela, lurraldea bitan banatuz.
Giza inpaktua ez da etxebizitza eta errepide berrietara mugatu. Hala, Laudio inguruetan basoetan izandako aldaketak atzematen dira, eta Gardelegiko zabortegiaren tamaina ere handituz joan da, Gasteizko hazkundearekin batera sortzen diren hondakinen ispilu.
Dena dela, gizakiak lurraldean eragindako inpaktuaren adibiderik ikusgarriena Arraia-Maeztuko Laminoria harrobiarena izan daiteke, seguruenera horrelako ustiaketek lurraren kolorazioan nabarmen eragiten dutelako. Irudiotan erraz hautematen dira urteen poderioz izandako aldaketak, bizirik dagoen eta mendia jaten duen animalia bat balitz bezala.