Koronabirusa

110 positibo berri Araban, baina hazkundea moteltzen ari da

Erredakzioa 2021ko api. 15a, 12:40

Txertoa hartzeko ilarak Lakuako frontoiko txertodromoan. / ALEA

EAEko egoera epidemiologikoa oso txarra da, eta Arabak eremu gorrian jarraitzen du. 110 positibo berri atzeman dira azken 24 orduetan, eta intzidentzia tasa metatua 431koa da lurraldean, 462koa hiriburuan, eta 484koa Amurrion.

Koronabirusaren datuak ez dira hobetzen, baina baliteke bosgarren olatuaren tontorra hurbil egotea. Araba eremu gorrian dago oraindik, eta ziurrenik bertan mantenduko da datorren astean ere, baina intzidentzia tasa metatuaren hazkundea egonkortzen hasi da: azken 24 orduetan 110 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia 431koa da une honetan, hots, hiru puntu igo da atzotik.

Gasteizen ere, intzidentzia tasa egonkortzen ari da azken egunetan, eta 464koa da une honetan; hau da, atzoko datu bera. Azken 24 orduetan, 87 positibo berri atzeman dira hiriburuan.

Bestalde, 5.000 biztanle baino gutxiagoko bi udalerri arabar daude eremu gorrian, intzidentzia tasa metatu altua eta beste hainbat irizpide direla eta: Bastida (1.024) eta Legutio (1.146).

Aste honetako aldaketa nagusiak 5.000 biztanletik gorako udalerrietan eman dira: Agurain (168) eremu horian mantentzen da, baina Amurrio (484) eremu gorrian dago, eta Laudio (376) eremu laranjan; egoera ez bada aldatzen, Laudio ere eremu gorrian sartuko da laster. Osasun egoeraren bilakaeraren arabera, datorren astelehenean erabakiko da Aiaraldeko bi udalerri horietan neurri murriztaile bereziak ezarriko ote diren.

Neurri murriztaileak

Eremu gorriko bigarren astean dago Araba, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile bereziak datorren astean ere mantendu beharko dira egoera hobetzen ez bada. Araban, lurraldearen konfinamendu perimetrala; Gasteizen eta eremu gorriko beste bi udalerrietan, konfinamenduaz gain, beste hainbat murrizketa daude indarrean, Osasun Sailak eremu gorritik ateratzen dituen arte:

  • Konfinamendu perimetrala. Udalerri mugakidera joateko aukera dago aire zabaleko jarduera fisikoa edo erosketak egiteko.
  • Ostalaritzaren barrualdeko ordutegiak murriztea: 6:30etik 9:30era arte eta 13:00etatik 16:30era arte.
  • Espazio itxietako kirolean lau pertsonako muga; talde profesional eta federatuen entrenamendu eta lehiaketetan izan ezik. 
  • Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxita egongo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, edukiera %35era mugatuko da eta erabilera banakakoa izango da.
  • Indarrean zeuden gainerako neurriak mantentzen dira: besteak beste, etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara, ostalaritzaren itxiera 20:00etan, jarduera kultural eta sozioekonomikoen amaiera 21:00etan eta lau pertsona arteko topaketak.

Udalerrien inguruko hurrengo ebazpena apirilaren 19an, datorren astelehenean, argitaratuko du Osasun Sailak. Orduan jakingo da berriz ere zeintzuk diren eremu gorrian dauden udalerri arabarrak.

Intzidentzia tasa metatua

Arabako udalerriak

Birusa hazkunde fasean

EAEko egoera orokorrari dagokionez, asteazken honetan 10.808 test diagnostiko egin ziren; horietatik 940 positiboak izan ziren (%8,7).

Une honetan, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,06koa da Araban, eta 1,16koa EAEn; hortaz, birusak hedatze-fasean jarraitzen du EAEn, kutsatzen den pertsona bakoitza beste pertsona bat baino gehiago kutsatzen ari delako. Eta Araban, joan den astean hazkundea moteldu zen arren, joera okertu da berriro.

Ospitaleen egoera eta hildakoak

Ospitaleen egoerari dagokionez, egoera txarra eta presio asistentziala mantendu dira. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:

  • 73 ospitaleratze berri Covid-19aren ondorioz.
  • 442 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • 128 pertsona ZIUetan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
  • Guztira, 570 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
  • Apirilaren 5etik 11ra bitartean, 26 pertsona hil ziren Covid-19aren ondorioz.
  • Guztira, 4.088 pertsona hil dira Covid-19arekin pandemia hasi zenetik.

Txertaketari buruzko datuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago