Paseoak itzuli dira Arabako egoitzetara

Erredakzioa 2021ko api. 14a, 14:20
Gaurtik aurrera, irteera terapeutikoak baimenduta daude berriro. / AFA

Arabako egoitzetako pertsonen irteera terapeutikoak baimenduta daude berriz ere, Covid-19aren intzidentziak eremu gorria gainditzen duenean ere: eremu gorrian bi ibilaldi izango dira astean; eta lau egoera hobetzen denean.

Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen Arabako egoitzetako erabiltzaileen irteerak mugatzen dituen foru agindua asteazken honetan sartu da indarrean: eremu gorrian gauden bitartean, bi paseo izango dira; intzidentzia tasa metatua 400 baino baxuagoa denean, ordea, lau izango dira. Orain arte, eremu gorrian erabat etenda zeuden ibilaldi terapeutikoak, 5.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan.

Agindua foru egoitzetan zein itundutako plazetan aplikatuko da, baina lurraldeko egoitza pribatuetan eta udal egoitzetan ezartzea gomendatu du Aldundiak. Egoiliarren osasuna babestuz, beren bizi kalitatea eta ongizate emozionala hobetzeko helburua du Diputazioak; aldi berean, malgutasun neurriak mantendu ditu, zentroetan bizi diren pertsonek harreman handiagoa izan dezaten senideekin eta hurbileko pertsonekin.

Bisita erregimena bere horretan mantentzen da, aldaketarik gabe: egoiliar bakoitzak astean bi bisita izango ditu, udalerriaren egoera epidemiologikoa edozein dela ere.

Txertoa, itxaropen hazia

Egoiliarrak eta langileak txertatu izanari esker, azken aldian Covid-19ak ez du hildakorik eragin Arabako egoitzetan, eta nabarmen jaitsi da atzemandako kasuen kopurua, baita haien larritasuna ere. Hala ere, Aldundiak ohartarazi du neurriak hartzen jarraitu behar dela, "txertaketak ez dakarrelako arriskua erabat desagertzea".

Zentro horietan txertaketa prozesua burutu da dagoeneko, eta, horregatik, segurtasuna eta neurri terapeutikoak bateratzen saiatzen ari da Aldundia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide